Albisteak

Euskarabildua jardunaldien 5. edizioa azaroaren 10ean San Telmon

Aurtengo jardunaldiaren izenburua: “Komunikazio emozionala: tresna eta jokabide komunikatiboak gizartea mugiarazten”. 

Gai honen inguruan aritzeko, bertako hizlariez gain, atzerrikoak ere izango dira euren esperientziak azaltzeko.

Izena ematea zabalik dago eta doakoa da.

Informazioaz inguratuak bizi garen aro honetan, gero eta garrantzia handiagoa dauka mezuaren aukeraketak, emateko moduak, kanalak… Baina informazio anabasa horretan boterearen hegemonia aldatu da, jada ez dira hedabide handiak esklusiboki agenda markatzen dutenak edo filtro lana egiten dutenak.

Testuinguru horretan hedabide handien komunikazioaz haratago, gizarte mugimendu alternatiboen mezuak inoiz baino ozenago eta indartsuago hedatzen dira, emozioetara iritsiz, masa mugimendu handiak eraginez...

Gai honen inguruan aritzeko, bertako hizlariez gain, atzerrikoak ere izango dira euren esperientziak azaltzeko. Bertako hizlarien artean izango dira Argia aldizkariko kideak (Iraitz Agirre eta Lander Arbelaitz), Mugimendu Feministako Kattalin Miner, Errigora egitasmoko Peru Aranburu eta Aitziber Gurutzeaga Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko eta elkarte horretatik bultzatutako Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimeneko kidea.

Atzerritarrei erreparatuz, Islandiatik etorriko da Katrin Oddsdottir. Berak bertako Parlamentuak bultzatuta hasitako konstituzio berri baten erredakzio parte hartzailearen prozesua azalduko digu. Kataluniatik etorrita, berriz, masa mugimendua bilakatu den Diadaren komunikazio lanketari buruz hitz egingo digu Galdric Peñarroja argazkilariak. Scheherezade Suria itzultzaileak berriz, gero eta gizarte glogalago batean testuen erredakzioan kultur aniztasunak duen garrantzia azpimarratuko du.

Euskarabildua jardunaldien bidez, komunikazio eraginkor horren gakoak zeintzuk diren aztertzen saiatuko gara, kanpoko eta bertako esperientziak lehen eskutik ezagutuz eta elkarren artean, beti bezala, ezagutza partekatuz.

Informazio gehiago

Itzuli