Albisteak

Haur eta gazteentzako arte eszenikoetan trebakuntza jasoko duten lau artista hautatzeko deialdia ireki du ‘Kimu’ proiektuak

Euskal Kultur Erakundeak, Donostia 2016k eta Donostia Kulturak bultzatutako deialdi honen bitartez Iparralde eta Hegoaldeko lau artista hautatuko dira.

Programaren helburua da master-classekin eta jaialdietako egonaldiekin trebakuntza-ibilbide bat diseinatzea, haur eta gazteei bideratutako euskarazko arte eszenikoen sorkuntza aberasteko eta dinamizatzeko.

Lehen edizioaren emaitza onak bultzatuta, Euskal Kultur Erakundeak, Donostia 2016k eta Donostia Kulturak Kimu programaren edizio berri bat jarri dute abian. Deialdi honen bitartez, Iparraldeko eta Hegoaldeko lau artista hautatuko dira haurrei eta gazteei zuzendutako arte eszenikoen inguruko berariazko trebakuntza jaso dezaten. Programaren helburua da master-classekin eta Europako jaialdi garrantzitsuenetara bertaratuz egonaldiekin trebakuntza-ibilbide bat diseinatzea, haur eta gazteei bideratutako euskarazko arte eszenikoen sorkuntza aberasteko eta dinamizatzeko. Parte hartzeko epea irailaren 10ean amaitzen da.

Lau artistek zuzendaritza artistiko baten laguntza jasoko dute bakoitzaren soslaiarekin ondoen egokitzen den trebakuntza-ibilbidea prestatzeko. Programaren zuzendaritza artistikoa erakundeok izendatutako ordezkariek osatuko dute: Euskal Kultur Erakundea, Donostia 2016, Donostia Kultura, Hego Lapurdiko Hirigunea Teatro Paraiso eta Biarritz Culture.

Arte eszenikoek gazteenen formakuntza pertsonalean eta intelektualean duten garrantziaren ohartzea dago programa horren oinarrian; bai eta gazteenei bideratutako antzerki, dantza, zirku eta txontxongilo eskaintza mugatuari konponbidea bilatu nahia ere. Testuinguru horretan, Hegoaldeko eta Iparraldeko zenbait kultur eragilek Donostia 2016ren inguruan bat egin dute hamabi hilabetean zehar gauzatuko den trebakuntza-programa pertsonalizatua abian jartzeko.

Baldintzak eta epeak

Kimuren deialdian izena eman nahi duten artistek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: euskaraz moldatzeko gai izatea; haurrei eta gazteei zuzendutako arte eszenikoetan esperientzia izatea, edo, gutxienez, arte eszenikoen munduan esperientzia izatea; programak iraungo dituen hamar hilabeteetan prest egon behar dute ikastaro eta jaialdietara joateko. Trebakuntza gehienez lau astekoa izango da, baina lau aste horiek hamar hilabeteko tartean banatuta egongo dira.

Izena emateko epea gaur ireki da eta irailaren 10a arte egongo da zabalik. Hautagaiak eta bakoitzaren ibilbideak urriaren 10ean emango dira jakitera.

Informazio gehiago

 

Itzuli