Albisteak

'Hitzargiak' topaketa, hizkuntzen biziberritzearen alde

Zabalik dago Hitzargiak topaketan parte hartzeko izena emateko epea; ekainaren 23-24an izango da Orona Fundazioan, Orona Ideon, Hernanin.
Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak martxan jarritako ekimena da.
Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoaren esparruan egindako lanaren erakusleihoa izango da, batetik, eta ezagutza gizarteratzeko, esperientziak trukatzeko eta jakintza berria sortzeko  gunea, bestetik.

Zabalik dago Hitzargiak topaketan parte hartzeko izena emateko epea. Ekainaren 23an eta 24ean izango da topaketa, Europa osoan hizkuntzak biziberritzen diharduten eragileak elkartzeko unea. Orona Fundazioan, Orona Ideon izango da, eta bi egunez eragileen arteko harremanak, elkarlanak eta sinergiak aktibatzeko era askotako aurkezpenak eta ekintzak bilduko ditu. Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak jarri dute martxan ekimena, Bizitzaren Itsasargiko kultur jardueren artean eta 284+ Kaiaren barruan.


Hitzargiak, Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektuaren ibilbidean geldiune bat izango da topaketa, biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateek elkar ezagutzeko eta haien arteko harremanak sendotzeko, etorkizuneko ibilbidean eraginkorragoak izan daitezen.

Webgunea, argien topalekua

Aniztasuna izango da topaketaren ezaugarri nagusietako bat. Izan ere, Europako hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuan dauden esperientzien aniztasuna islatzea da helburuetako bat.
hitzargiak.eu webgunea bera aniztasun horren isla da. Bertan ari dira elkartzen proiektuan harremanetan jarritako hizkuntza-komunitateak, komunitate horietako eragileak, eta haiek martxan jarritako ekimenak.
Dagoeneko 70etik gora jardunbide bildu dira, 12 herrialdetakoak eta 24 hizkuntzatakoak. Oso izaera eta gizarte-sektore desberdinetako jardunbideak dira, haurrentzat bideratutako egitasmoetatik hasi, hala nola eskolak eta belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioa sustatzeko egitasmoak, eta hizkuntzak garatzeko teknologietara edo lan-munduan hizkuntza txertatzeari buruzko praktiketara, aisialdiri lotutako jardunbideetatik pasatuz.


Bada, webgunean hasitako ibilbidean geldiune bat izango da Hitzargiak topaketa, eragileek aukera izan dezaten elkar ezagutzeko, eta haien arteko harremanak, elkarlanak eta sinergiak aktibatzeko. Horretarako, era askotako aurkezpenak eta ekintzak bilduko ditu Topaketak.

Izen-ematea ekainaren 17ra arte egongo da zabalik, eta hitzargiak.eu webgunetik egin ahal izango da, topaketari buruzko atalean. Dena den, izen-ematea ekainaren 1a baino lehen eginez gero, % 50eko beherapena izango da.


Informazio gehiago: http://hitzargiak.eu/

 

Itzuli