Albisteak

IKA MIZKA 2015 martxan da

Abenduaren 3an Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean egingo da IKA MIZKAren lehen saioa, eta ondoren UPV/EHU eta Mondragon Unibertsitako campusetan ere antolatuko dira ekitaldiak.


‘IKA MIZKA. Eta hik nola bizi dunk euskara?’ egitasmoaren laugarren edizioa aurkeztu dute Donostiako Tabakalera eraikinean. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GAZTEZULO aldizkariak sustatutako ekimen honek euskarari buruz solasean jarriko ditu Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU eta Mondragon Unibertsitateko ikasleak, zizka-mizkaz betetako mahai baten inguruan. Gazteak solasean jartzen ditu IKA MIZKA egitasmoak, euskararen erabileraren garrantziaz jabetzeaz gain, elkarri azaltzeko eta elkarrekin aztertzeko hizkuntzen inguruan bakoitzak dituen korapiloak, ondorioz euskaraz erosoago eta gehiagotan jardun daitezen.

Lehen IKA MIZKA saioa Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean egingo da, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Bertan izango dira hainbat aurpegi ezagun, erakundeetako ordezkariak eta, bereziki, unibertsitateko ikasleak.

Solasaldia eta zizka-mizkak uztartzen ditu egitasmo honek. Mahai beraren bueltan unibertsitateetako gazteak, zein animatzen diren herritarrak, pertsonaia ezagunekin batera esertzen ditu. Aurpegi ezagunek eta gazteek gai konkretu baten inguruan partekatzen dituzte kezkak eta bizipenak, euskaraz, eta esparru jakin batean euskaraz aritzeak dakartzan pozez, zailtasunez, lorpenez zein sentsazioez aritzen dira.

Lankidetzan ekitaldi horiek antolatzen dituzten erakunde guztietako ordezkariek aurkeztu dute IKA MIZKAren laugarren edizioa. Foru Aldundia eta Gaztezuloz gain, UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateak, alegia.

Deustuko Unibertsitateko errektoreorde Josean Rodriguez Ranzek azpimarratu duenez, edizio honetako lehen IKA MIZKA Euskararen Nazioarteko Egunean egingo da. Bere esanetan, egun hori euskararen aldeko “konpromisoa eta ekintza positiboak” berresteko okasioa izango da. Hiru arrazoi aipatu ditu konpromiso hori berritzeko: “Identitatea, euskara gure identitatearen osagai berezia delako; aniztasuna eta elkarbizitzari mesede egiten diolako; eta, azkenik, bikaintasuna eta profesionaltasuna, gure enpresetako eta gizarte zerbitzuetako profesionalak, elebidun/eleanitza den komunitate bati kalitate gehiagoko zerbitzuak eskaintzen dizkiotelako, baldin eta euskal hiztunak eta eleanitzak badira”.

Isabel Elorzak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskara zuzendariak, berriz, gogoratu du “euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka”. “Askotariko arrazoiak egon daitezke hori horrela izateko: euskara lan-hizkuntza soila izatea, lehengo inertziak, gaztelaniaz maila jasoagoa izatea hiztunak, erosotasun kontua, hiztunen artean euskaraz ez dakien norbait egotea... baina baita gure artean hain ohikoa den kasua, besteak euskara ez dakiela uste izatea. Hauek guztiak gaindituz eta ikasle kopuru polita harremanetan jartzeko asmoarekin ekingo diogu aurten ere Euskal Herriko Unibertsitatean IKA MIZKA saioari”, aurreratu du.

Jon Altunak, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak, etorkizunean jarri du begirada: “Unibertsitatea gizartearen garapenean zerikusi handia duen eragilea da eta besteak-beste, garapen horretan, gazteen eskutik eragiten du unibertsitateak. Gazteak izango dira, etorkizun hurbilean, gure herriko lidergoa hartu beharko duten pertsonak eta beraien esku egongo da berrikuntza eta garapena, baita ere, harremanetarako erabiliko duten hizkuntza. Hizkuntzari dagokionean, IKA MIZKAk aparteko aukera ematen digu arlo honetan gazteek duten iritzia ezagutzeko.”

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek gaineratu duenez, “hizkuntzarena hautu bat da, eta hizkuntza hautatzerakoan korapiloak sortzen zaizkio hiztunari”. “Edozein adinetan da sanoa korapiloak askatzea, baina bereziki nerabetan, hor finkatzen direlako geroko helduaren hainbat portaera, bereziki hizkuntzarena. Alde horretatik nahi genuke IKA MIZKA izatea ekimen askatzaile bat”, gaineratu du.

Berritasunak

Aurten, berritasun gisara, IKA MIZKAn parte hartuko duen mahaikide bakoitzari orritxo bat banatuko zaio. Orri horretan, bospasei emotikono (pozik, haserre, triste, harrituta…) egongo dira, eta bakoitzak pare bat lerro idazteko tartea izango du aldamenean.

Hizketaldi bakoitzaren hasieran, hizketagai bat proposatuko zaie eta eskatu idazteko gai horrekin lotuta emotikonoak ilustratzen duen sentimendua noiz bizi izan duten azkenengoz, edo bereziki gogoratzen duten uneren bat. Modu horretan, hizketan hasi aurretik, gazte bakoitzak modu erraz eta arin batean bere esperientzian oinarritutako hainbat anekdota izango ditu prest.

Informazio gehiago

Egitaraua

Abenduak 3, Donostia, Deustuko Unibertsitatearen campusean. 11:00etan hasita.

Abenduak 16, Donostian, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien ikastegian, UPV/EHU.

- Urtarrilak 27, Ikus-Entzunezko Komunikazioko fakultatea (HUHEZI), Mondragon Unibertsitatea (MU).

Itzuli