Albisteak

Juanba Berasategiri omenaldia

Juanba Berasategi (Pasai Donibane, 1951-2017) zinemagilearen heriotza dela eta, Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, omenaldia eskainiko dio Kalabaza tripontzia (1985) filmaren proiekzioa antolatuta, maiatzaren 2an, 19:00etan, Tabakaleran. Pelikula hori Euskal Herriko zinemaren historiako animaziozko lehen film luzea da.

Euskal animazioaren aitzindaria izan zen zinemagile pasaitarra. 1977an, Ekialdeko izarra film laburrarekin debuta egin zuen, eta zortzi urte geroago Kalabaza tripontzia marrazki bizidunetako lehen euskal film luzea zuzendu zuen. Bere ibilbideak film zerrenda luzea utzi digu: Ekialdeko izarra (1977), Fernando Amezketarra (1979), Ikuska 6 (1980), Kukubiltxo (1983), Kalabaza tripontzia (1985),  Balearenak (1991), Ahmed, Alhambrako Printzea (1997), El embrujo del sur  (2002), Alhambrako giltza (2003), Barriola, San Adriango azeria  (2008) edo Nur eta herensugearen tenplua (2017), besteak beste.

2013an, Zinemira saria jaso zuen Donostia Zinemaldian.

Maiatzak 02 (19:00) / 1 zinema aretoa (Tabakalera)

KALABAZA TRIPONTZIA (Juanba Berasategi, 1985). Jatorrizko bertsioa euskaraz. 35mm. 90'.

Euskal Herriko ipuin eta kondaira tradizionaletako heroi eta pertsonaiarik adierazgarrienak ageri dira, hala nola Tartalo begibakar ipurterrea, Kukubiltxo txiki eta bihurria, Galtzagorri deabru lotsagabe eta gezurtia…

Sarrera Doan, aretoa bete arte.

lekua: Tabakalerako 1 zinema aretoa (Andre Zigarrogileen plaza, 1-1. solairua. 20012 Donostia).

Antolatzaileak: Euskadiko Filmategia eta Donostia Zinemaldia.

 

Itzuli