Albisteak

Kalean da hiztegi-makina

Donostiako Autobus geltokian jarri berri dute Hitz machine. Makina honek, oinarrizko 50 hiztegitxo lortzeko aukera ematen du, euskaratik beste 50 hizkuntzetara eta beste 50 hizkuntzetatik euskarara.

Hitz machine Bagera elkartea  Donostia 2016rekin batera, garatzen ari den eusKarriak proiektuaren fruitua da. EusKarriak euskarri ezberdinetan oinarritutako hainbat egitasmo biltzen dituen proiektua da. Europa eta Donostiako hizkuntza aniztasunaz gain, Donostiako euskararen egoeraren errealitatea ikus araztea du helburu.

Herritar talde batek diseinatu eta garatu du makina azken hiru hilabeteetan M-Etxea kolektiboko bi kideren gidaritzapean Tabakalerako Hirikilabsen. Hiztegietarako datu-basea Topagunearen Hiztegitxoei esker osatu ahal izan da.

Hitz machine deitu diote asmakizun honi; izan ere, makina bat da, 2 metro luze eta metro erdi pasatxoko zabalera duen tramankulua. Egurrez egina dago, eta pantaila bat dauka hiztegitxoen aukera guztiekin. Botoi batzuen bitartez hizkuntza sakatutakoan hiztegia inprimatu, QR kodearen bitartez deskargatu edo zori-esatariaren jokoa inprimatzeko aukera ematen du. Inprimatzea sakatuz gero, segundo batzuen buruan makinaren zulo batetik irteten da bi aldeetatik inprimatutako DIN A4 tamainako folioa. Folioak azalpenak eta marratxo etenak ditu norberak tolestu eta hiztegitxoa prest izateko.

Hau guztia, esan bezala, herritar talde baten lanari esker sortu da. Bagera Elkarteak eta Donostia 2016ek urtarrilean egindako deialdiari 10 bat lagunek erantzun zioten, eta hiru hilabetetan zehar jo eta ke lanean aritu dira hiztegi-makina garatzeko. Alor anitzetatik osatutako taldea izan da: informatikoak, itzultzaileak, diseinatzaileak, hizkuntzalariak, unibertsitateko ikasleak… eta baita M-Etxea kolektiboko bi arkitekto ere.

Denen artean makina sortzeko fase guztiei egin diete aurre: makinaren ezaugarriak eta funtzioak erabaki dituzte, bere egitura zein itxura izango duen, hiztegitxoak eta zori-esatarien jokoa diseinatu dituzte, softwarea sortu dute, makina eraiki eta funtzionamenduan jartzea lortu dute.

Hasieran aurreikusitakoa baino gehiago iraun du prozesuak. Izan ere, xehetasunik txikienari ere irtenbideak bilatzea ez da erronka makala.

Baina hiru hilabete horien ondoren, lan horren emaitza kalean da eta edonork jaso ahal izango du fruitua, Hitz machinen hiztegitxo bat inprimatuz. Hiztegitxo horretan alde batean euskarazko hitzak  eta esaldi motzak aurki daitezke, eta beste aldean, norberak aukeratutako hizkuntzaren baliokideak. 50 hizkuntza jasotzen dira orotara hiztegitxoetan, eta Europako hizkuntza zabalduenez gain, badira beste hainbat hizkuntza ere, tartean, kitxua, sardiniera, amazigera, wolofa, galiziera, katalana edota urdua. Hizkuntzen eta hiztunen arteko ezagutza eta harremanak sortzeko tresna bikaina, dudarik gabe.

ZORIONAK lanean aritu den taldeari!

Itzuli