Albisteak

Poltsiko Antzerki Sorkuntza. 2016-17rako deialdia

Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin, Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntza bultzatzeko zazpigarren PROIEKTU DEIALDIA antolatu du. Proiektuak aurkezteko epea 2016ko urriaren 14an amaituko da.

Poltsiko Antzerkiaren, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi da. Hala, askotan Poltsiko Antzerkiko programatzaileek arazoak izan ohi dituzte euskarazko obrak programatzeko. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburu nagusia.

Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza; sorkuntza; ekoizpena eta, hedapena eta ikustaldia), orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Kultur Etxeen ataletik, oinarrizko eta gertutasunezko kulturaren bideratzaile diren aldetik, argi dute, badutela zer ikusi eta zer egin formatu txikiko sorkuntzen sustapenean. Hala, ekimen hau sorkuntzaren eremuan egingo den lanaren hastapena izatea espero dute, aurrerantzean kulturaren beste arlo eta diziplinetara hedatu ahal izateko. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da bigarren helburu nagusia.

2011n abiatu zen lehen aldiz modu esperimentalean Proiektu deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen  ondotik. Aurreko bost deialdietan, 40tik gora izan dira aurkeztutako Poltsiko Antzerki proiektuak.

Kontuan hartzekoa da era berean, zazpigarren deialdi honen xedea ez dela diru-laguntza soilik, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, seigarren deialdi honetan landutako bi obren estrainaldia egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan. Modu honetan, euskal antzerki sorkuntzari leiho bat ireki nahi diogu jaialdiaren barruan. Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanen 4 emanaldi egingo dira hiriko auzoetako taberna ezberdinetan.

Ekimen hau aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da erakunde publikoa eta elkarte-hiritarren arteko elkarlana, egitasmoaren eraginkortasuna benetan bermatu nahi bada. Hala, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera landutako proiektua da.

Proiektu deialdi honen informazio guztia (oinarriak, baldintzak eta abar), Donostia Kulturako Web orrian dituzue.

www.donostiakultura.com

Itzuli