Sarean ere euskaraz - Xare

 

Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Xarek berak bultzatutako Xare egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere. Donostiako hitzordua 2019ko abenduaren 17an izan zen eta, prestatzeko, UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute.

 

Gazteak eduki ezberdinak eskaintzen zituzten hiru gunetan barrena mugitu ziren:

Info Aretoa (Ignacio Maria Barriola Zentroan)
Ezagutzara bideratutako areto honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 5 proiekturen inguruko aurkezpen labur (12’) bana entzun zituzten ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Librezale Elkarteak, Ahotsak egitasmoak, Booktegi-k eta Euskal Wikilarien Elkarteak une honetan esku artean zituzten hainbat proiekturen berri eman zien.

 

Ikas Aretoa (Informatika Fakultatean)

Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartu zituen eta, taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izan zuen. Tailerrak zegokion sektorean eskarmentua zuten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatu zituzten. Honakoa zen eskaintza:

  • Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
  • Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
  • AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
  • Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)
  • Harremanak 3.0: emaidazu ‘like’ bat (Emaize sexologia zentrua)
  • Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
  • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
  • Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Iñaki Izkue)

 

Era Aretoa (Ignacio Maria Barriola Zentroan)

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa dute gure egunerokoan. Horregatik, teknologia berriez egiten dugun erabileraren inguruan hausnartzera bideratutako 35 minutuko bi hitzaldi interaktibo hartu zituen areto honek.

  • Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea Elkarteko kidea)
  • E-makumeak: ezinbestekoak teknologia bidezkoa izan dadin (Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea eta UEUko kidea)

Lehenengoak testuinguru pribatu eta intimoan datuak partekatzeak izan ditzakeen arriskuak jarri  zituen mahai gainean. Bigarrenak, aldiz, teknologiaren eta informatikaren unibertsoan murgildutako emakumeen proportzio txikiak dituen ondorio larriez ohartarazi zuen.

 

Teknologia eta generoa: emakumeak unibertso digitalean

Hain justu Xare jardunaldi honen babesleetako bat den UPV/EHU-ko ikerlari eta irakasle bat arduratu zeb genero ikuspegia saioan txertatzeaz. Olatz Arbelaitz UEUko kidea ere bada eta, funtsean, ideia edo mezu borobil bat helarazi zuen bere hitzaldian: emakumeak unibertso digitalean aktiboki aritzea ezinbestekoa da teknologia bidezkoa izan dadin.

 

 

 

 

Itzuli