Gipuzkoan, Euskal Herriko beste lurraldeetan bezalaxe, seroren instituzioa botere-esparru garrantzitsua izatera heldu zen, seroratzara sartzen ziren emakumeek gehienetan ondasun pertsonalak autonomia osoz baliatu zitzaketelako, gizonezkoen manupetik at. Hala, tenpluetako aktibitate "erlijiosoez" beste, alor pribatuko aktibitate "laiko" anitzek botere ekonomiko eta sozial handia lortzeko bidea ere eman izan zieten: merkataritza-jarduerak, baserrien erreskateak, edo mailegutza aktibitateak ditugu diogunaren zenbait adierazle.
Hizlaria: Mikel Larrañaga. Filosofian lizentziatua da 2003tik, ordundik lana eta ikerkuntza uztartzen ditu. Humanitateen alorreko bestelako zenbait ikasketaren ondoren, Historian doktore da 2016az geroztik. Gai sorta zabalean interesatua, bere lanek desobedientzia zibila edo euskal historiografiako alor ezberdinak jorratu dituzte. Euskal seroren inguruko bere doktorego-tesia medio, emakumeek erlijio kristauaren baitan bizi izandako bilakaera eta honek Euskal Herrian izandako ibilbide berezia izan ditu ikergai. Iruña-Veleiako aurkikuntzei ere erreparatu izan die.