Albisteak

2016 urteko Liburuaren Nazioarteko Eguna Donostian

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, datorren apirilaren 23an, larunbata, Gipuzkoa Plazan, egun osoan zehar, goizeko 9:30etik gaueko 21:00ak arte Liburu Azoka egingo da eta erosketetan beherapenak eta abantailak eskainiko dira.

Donostia Kulturaren Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat jarriko du Azokan liburutegiei buruzko informazioarekin. Horretaz gain egun osoan zehar helduentzako eta haurrentzako jarduerak antolatuko dira. Bai Donostia Kulturaren gunean eta baita liburutegietan ere bisitariei Iker Ayestaranek Liburuaren Nazioarteko Egunerako egin duen irudiaren orri-markagailuak banatuko zaizkie.

Txistularien Udal Bandaren dianarekin emango zaio hasiera azokari. Ondoren 10:00etan gazteentzako Komiki tailer bat egingo da Ainara Aspiazu Axpiren eskutik eta 11:00etatik 12:00etara karikaturista talde bat egongo da plazan karikaturak egiten.

Liburuaren Eguneko jarduerak oihartzuna izango dute Donostiako kaleetan. Goizean zehar bi literatur ibilbide egingo dira, biak aterako dira Gipuzkoa plazatik eta biak oinarrituko dira gerra garaietan. Lehenengoa 11:00etan hasiko da. Amaia García eta Slawka Grawoska, literatur solasaldien dinamizatzaileak, Mila Beldarrainen Bajo el cerezo liburuan oinarritutako ibilbidea gidatuko dute.

Bigarren ibilbidea 12:00etan abiatuko da. Inazio Mujika idazleak, euskal literaturan islada izan duten gerra zibilaren garaiko Donostian zehar gidatuko du ibilbidea.

Bitartean, 12:00etatik aurrera, Donostia Kulturaren gunean, Shakti Olaizolak Irakurriz haurrentzako ikuskizuna antzeztuko du.

Eguerdian, 13:00-15:00 eta arratsaldean, 18:00-19:00 irakurketa publiko libre eleanitza egiteko aukera egongo da. Aurten Cervantesen (1547-1618) eta Shakespearen (1564-1616) heriotzen mendeurrena da eta Liburutegi Zerbitzuak bi idazleen irakurketa eleanitzak egiteko deialdia luzatzen die irakurle guztiei.

Arratsaldeko 16:30ean, haur irakurleen sari banaketa egingo da. 2015 urtean liburutegi sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu zituzten 10 haur sarituko dira. Saritu bakoitzari 30 eurokoa txartel-bono bat emango zaio Donostiako liburudendetan liburuak erosteko. Sari banaketan Ikusi Makusi taldeak Kontaidazu beste bat ikuskizuna antzeztuko du.

Azkenik, azokari amaiera emateko Lou Topet taldeko Rafa Rueda, Harkaitz Cano eta Oier Arantzabalen kontzertua izango da.

Liburu Azokan egingo diren jarduera hauetaz gain, Donostia Kulturako Kultur Etxe eta Liburutegietan hainbat jarduera egingo dira astean zehar.

Itzuli