Albisteak

880 haur dabiltza uztailean zehar “Oporretan Euskaraz” udalekuetan

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak uztailean antolatzen duen “Oporretan “Euskaraz” udalekuetan 880 haur ari dira parte hartzen 78 taldetan banatuta. Udaleku hauek haurrek aisialdian euskara erabiltzeko ohitura lantzea dute helburu. Haurrek euskaraz disfrutatzen dute, hizkuntza kalean eta egunero erabiltzeko baliagarria dela konturatzen dira eta gainera mezu hori gizarteratzeko ekimen erakargarri batean parte hartzen dute.

 

Mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, hizkuntz jolasak, tailerrak, txapelketak, jolas kooperatiboak edota eskulanak egiten dituzte, ingurugiroa lantzen dute... Horrela, jolas giro horretan, hizkuntza erabili eta hobetu egiten dute haurrek, beraien hiztegia eta lengoaia egituraketa aberastuz doa, aisialdian euskaraz egiteko joera eta motibazioa lantzen dute, hitz batean esanda, haurrak aisialdian euskara eginez disfrutatzen dute.

Uztailean zehar Donostian burutzen diren beste hainbat ekintzetan ere parte hartzen dute, Jazzaldian, pilotan, ... Aurtengo honetan, iaz bezala, Kirol Patronatuarekin elkarlanean, Euskara eta Pilota Beti Lagun ekimenean ere badabiltza haurrak. Uztailean zehar, Donostiako pilotaleku ezberdinetan pilotan ari dira haurrak Donostia Kirolak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren laguntzarekin.

Udaleku hauek uztailean zehar egiten dira astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era. Gainera, astean behin, egun osoko irteera izaten dute haurrek, 09:30etik 17:30era bitartean, haur hezkuntzakoek izan ezik. 4 urtetik 12 urte bitarteko haurrek parte hartzen dute eta hiriko edozein bazterretan aurkitu daitezke egunotan “Donostia, Euskararen Hiria” bisera zuria jantzita, euskaraz biziz.

Informazio gehiago

Itzuli