Albisteak

Azaroaren 26tik 29ra, Gazteszenean ETXEKOAK antzezlana ikusteko aukera

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarrekin antolatzen duten Donostiako Antzerki Sarirako, hainbat lan aurkezten dira urtean zehar. Azaroaren 26tik 29ra 20:00etan, Egiako Gazteszenan Huts teatroak (Artedrama) aurkeztuko duen ETXEKOAK antzezlana, 2016an emango den sarirako hautagaien artean egongo da.

7 urte ondoren, Jon Gerediaga (idazkeran) eta Ander Lipus (zuzendari eta aktore moduan), berriro elkartu dira antzerki obra hau eskaintzeko.

Ezin da edonor etxean sartu. Hala dio legeak. Maddik Mamadou maite du. Halaxe dio bihotzak. Etxekoak antzezlana istorio pertsonal batetik abiatzen da.

"Itsasoaz bestalde maitemindu nintzen. Atzerriko lagunarekin egoteko aukera bakarra ezkontzea izan zen. Eta hor hasi zen dena: burokrazia, paper administratiboak, joan etorri zenbaezinak, elkarrizketak kontsulatuan... urtetako erokeri eta zentzugabekeria hutsa".

Esperientzia honetatik abiatuz, egungo gizarteak eta estatuek sortu eta eraiki dituzten muga eta lege absurduen kritika egitera doaz antzezlan berri honekin. Etxekoa/kanpokoa dikotomian gaur egun hain presente dugun inmigrazioaren gaia jorratuko dute.

Zuzendaria: Ander Lipus.
Egilea: Jon Gerediaga.
Antzezleak: Ander Lipus, Maika Etxekopar, Javier Barandiaran, Kristian Etxaluz.
Zuzendari laguntzailea: Mariya Aneva.
Ekoizpena: Artedrama.

 

 

Itzuli