Albisteak

Donostiako 101 hizkuntzak jasoko dituzte maiatzaren 21ean

Maiatzaren 21ean Donostiako Katalunia plazan egongo dira Badihardugu euskara elkartekoak elkarrizketak egiten, Olatu Talkan. Ahalik eta hizkuntza gehien jasotzea da bere asmoa, eta Donostiako aniztasuna ezagutaraztea. Eman lekukotasuna zeuk ere!

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Donostian? Inor ausartzen al da erantzuten? Donostiako hizkuntzak jaso nahi dituzte. Donostiako aniztasuna ezagutu eta ezagutarazi. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako. Elkarren ezagutza txikia delako. Duela urtebete hasi ziren Donostiako hizkuntzak jasotzen: "101 L" egitasmoa jarri zuten abian. Eta aurten ere Olatu Talkan parte hartuko dute: Katalunia plazan egongo dira, larunbatean. Etorri zeu ere lekukotasuna ematera! 

Ahalik eta hizkuntza desberdin gehien jasotzea da proiektuaren helburua. Bertan bizi direnenak zein bisitan daudenenak. Hori bai, aniztasunari eta hizkuntzei buruz zerbait esateko gogoa duten denak elkarrizketatuko dituzte. Zuk ere baduzula zer esana? Ba etor zaitez! Karpako ordutegia: 11:00-20:00. Animatu parte hartzera! Eta beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztenak ezagutzen baldin badituzu, esaiezu haiei ere etortzeko! 

Karpara gerturatzen direnei elkarrizketa txiki bana egingo zaie. Beraien hizkuntzei buruz, jatorriari buruz, integrazioari buruz... oinarrizko hitz batzuk ere galdetuko zaizkie, bakoitzari bere hizkuntzan. Jasotako hizkuntzak arbelean jartzen joango dira... ea zenbat jasotzen ditugun denon artean! Iaz 19 hizkuntza jaso zituzten Olatu Talkan. Eta ondoren ere elkarrizketak egiten jarraitu dute, batez ere Okendo kultur etxean. Guztira 43 hizkuntza jaso dituzte orain arte! Zenbat gehiago lortuko ote dituzte? Hona hemen iaz Olatu Talkan egindako elkarrizketen lagin bat:

Euskal Herrian 108 hizkuntza hitz egiten dira, Unesco Etxeak 2007an egin zuen ikerketa baten arabera. Datu hori Donostiara ekarrita, bertan 100 bat hizkuntza hitz egingo direla pentsatzen dugu. Hortik dator "101 L" proiektuaren izena. 101 zenbaki sinbolikoa da, Donostian ez baita azterlanik egin, guk dakigula. Hori bai, Donostiako Udalak 2014ko otsailean argitara emandako datuen arabera, Donostiako herritarrak 141 estatutatik etorritakoak dira. Donostian bizi diren pertsonen %43 ez dira hirian bertan jaioak. Horrez gainera, jatorri askotako turistak eta bisitariak ere ibiltzen dira Donostian. 

Asmoa, datozen hilabeteetan elkarrizketekin jarraitzea da. Eta ondoren jasotako hizkuntzak -101 eleak?- ezagutaraztea. Bi ikus-entzunezko prestatzeaz gainera, jasotako grabazioak landu eta guztion esku jarriko dira webgune batean. Lizentzia librearekin banatuko dira, ahotsak.eus webgunean egiten duten bezalaxe. 

Badihardugu euskara elkarteko kideek hainbat elkarte eta norbanakoren laguntza izaten ari dira 101 L proiektuan: Afrik Euskadi, Nasledie, Decebal, Mestiza, Amher, Bagera, Gipuzkoako Txinatar Institutua, Rigpe Dorje, Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK, Urrats... Mila esker kontaktuak egiten laguntzen diharduzuen guztioi!

Olatu Talkan 200dik gora ekimen egongo dira, ostiralean hasi eta igandea bitarte. Informazio gehiago, Olatu Talkaren webgunean.



Itzuli