Albisteak

Donostiako 18 kirol elkarte esanguratsuenetan entrenatzaileen %75a elebiduna da

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko 18 kirol elkarte esanguratsuetan diagnostiko bat egin du bertako euskararen errealitatea hobeto ezagutzeko asmoz. Hiriko kirol elkarte horiek 12.000 bazkide eta 6.300 kirolari dituzte, horietatik haur eta gazteak dira gehienak, eta Udalak eremu honetan euskararen erabilera sustatzeko estrategia abian jarri du.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziak adierazi duenez, “Donostian haur eta gazteen %96ak euskara ezagutzen du, baina horietariko askok euskara gutxitan erabiltzen du eskolaz kanpo. Kontuan hartuta haur eta gazteek eskolan egiten dituzten orduak beren bizitzaren %15a besterik ez dela, berebiziko garrantzia du aisia eta kirola eremuan euskara erabiltzeko aukerak areagotzea.

18 hiriko kirol klubetan egindako diagnostikoak datu positiboak eman ditu

 Udaleko Euskara Zerbitzuak 18 kirol elkarte esanguratsuenetan (Antiguoko KE, Añorga KKE, Askatuak Saskibaloi Taldea, Bera Bera RT, Fortuna KE, Kostkas K.E, Atletiko SS, Donosti Berri elkartea, Egia eskubaloi taldea, Easo Saskibaloi Taldea, Gros Xake Taldea, Groseko Indarra Surf Taldea, Judo Club SS, Internacional Intxaurrondo, Martutene Kirol Elkartea, Donostiako Tenis Elkartea, Real Club Nautico eta Ur Kirolak) egindako diagnostikoak elkarteen osaera eta funtzionamenduari dagozkien atalak aztertu ditu: zuzendaritzaren hizkuntza-profilak, hizkuntza pasaia, komunikazio hizkuntzak eta abar.

Zuzendaritzaren hizkuntza profilari dagokionez, 12 kirol elkarteetan zuzendaritza kideen erdia gutxienez euskal hiztunak dira, 11 kirol elkarteetan idazkaria euskalduna dute eta 6 kirol elkarteek euskara arduradun bat dute.

Hizkuntza paisaiari dagokienez, elkarte gehienek esku orriak, iragarpenak emailak eta eskutitzak ele bietan egiten dituzte, 12 elkarteetan telefonoa harrera euskarazkoa da eta web orria ele bietan dute 9 elkarteetan.

Bestalde diagnostikoak uzten duen daturik azpimarragarriena entrenatzaile elebidunen kopuru altua da, %75a, 409 entrenatzailetik 315 elebidunak baitira. Azkarateren esanetan “datu hauek positiboak dira eta ikusten da kirol klub hauek oro har entrenatzaile elebidunak kontratatzeko joera badutela, nahiz eta batzuetan, zenbait kirol espezializatuetan, entrenatzaile elebidunak aurkitzeko zailtasunak dituzten oraindik”.

Entrenatzaileak euskara jakiteak ez du bermatzen entrenamendua euskaraz izatea.

Euskararen ezagutzak baina ez du bermatzen entrenamendua euskaraz izatea edota euskara maiztasunez erabiltzea. Miren Azkaratek diagnostikoak errealitate hori agerian uzten duela adierazi du. Honen zergatiak ematerakoan hainbat arrazoi daudela dio “Kirol klubean euskara entrenamenduetan erabiltzeko irizpiderik ez izatea, elkartearen eta entrenatzaileen hizkuntza ohiturak, entrenatzaileek kirola gazteleraz egin izana txikitatik, zenbait haur eta gazteen gazteleraz aritzeko joera eta abar”.

Bestalde, entrenatzaileen hizkuntza profila eta haurrekin harremanerako erabiltzen duten hizkuntzari buruzko datuak jasotzeko lagin bat hartu da: 6 kirol taldeko 50 entrenatzaileren iritziak eta datuak jaso dira.

Añorga K.K.En erabilitako KEES metodologiak euskararen erabilera areagotzen du

Aurrekoa kontuan hartuta, Udaleko Euskara Zerbitzuak KEES ( Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) metodologia sortu eta Añorga KKEn egitasmo pilotua martxan jarri du . Ekin kirola enpresa ari da metodologia garatzen Añorga KKEn.

Metodologia hau hizkuntza ohiturak finkatzeko lagungarria da oso eta bost urratsetan laburbildu daiteke:

1-Entrenatzaileak euskaraz jakin eta euskara entrenamenduetan erabiltzeko borondatea behar du izan.

2-Denboraldia hasi aurretik formazio saioa jasoko du entrenamenduko hizkuntza portaerak definitu eta euskara modu naturalean taldean ezartzeko.

3-Entrenatzaile-behatzaile: Entrenatzailea jokalarien hizkuntza portaerak identifikatu eta aztertuko ditu.

4- Entrenatzaile-eragile: Entrenatzaileari baliabideak ematen joango zaizkio taldearen hizkuntza ohiturak aldatu eta entrenamenduetan euskara ohiko hizkuntza izan dadin.

5-Erabilera-neurketak: Denboraldian zehar hiru neurketa egiten dira. Neurketa bakoitzaren ondoren jarraipen bilerak egiten dira emaitzak aztertu eta aurrera begirako helburuak zehazteko.

Añorga KKEn 2015-2016 denboraldiak egindako lanak ondoko emaitzak eman ditu:

-Añorgak hiru kirol modalitate lantzen ditu: Futbola, saskibaloia eta pilota

-Metodologia ia 40 taldeetan jarri da martxan 10 hilabetezeta 360 haur eta gazteren hizkuntza ohituretan eragin da.

-Haur eta gazteen %75ak beti edo askotan euskaraz egin dio entrenatzaileari, %23ak batzuetan egin dio euskaraz eta %2ak egiten dio gazteleraz bakarrik.

-Haur eta gazteen arteko harremana, jokalarien artekoa alegia, %61ak beti edo askotan egiten du euskaraz beraien taldekideekin, % 35ak batzuetan eta %4ak inoiz ez.

Kontuan hartuta, 14 urte arteko haur eta gazteen erabilera kalean Donostian %27 dela, argi dago KEES metodologiak laguntzen duela euskararen erabilera areagotzen. Gainera Miren Azkaratek esan du, metodologia honen balioa naturaltasuna dela. “Haurrak entrenatzera eta ondo pasatzera doaz, eta naturaltasun osoz bizi dute entrenamendua. Haurrei eta gazteei ez zaie esaten zein hizkuntzatan egin behar duten baina entrenatzailearen hizkuntza ohiturak eta portaerak eragin zuzena du beraien hizkuntza hautuan. Entrenatzailea, bai kirol alorrean eta baita gainerakoan ere eredu baita”.

KEES metodologiaren emaitzak ikusita, hiriko beste sei kirol elkarteetako (Askatuak Saskibaloi Taldea, Easo saskibaloi taldea, Fortuna KE, Atletiko SS, Bera Bera eta Egia Eskubaloi Taldea) hainbat taldetan ( benjamin eta alebin mailetan batez ere) metodologia ezartzen hasi da 2016-2017 denboraldian.

 

 

 

Itzuli