Albisteak

Donostiako Udalak eta Euskaltegiek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei #euskaldunízate lelopean

Donostiako Udalak irailean euskaltegietan izena eman eta euskara ikasteko deia egin die donostiarrei. Horretarako, hiriko euskaltegi eta zentro homologatuekin batera, #euskaldunízate kanpaina jarri du martxan.

Miren Azkaratek, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi-ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute kanpaina. Miren Azkarateren esanetan: “#euskaldunízate lelopean euskalduntzera, hau da, euskara ikastera edo hobetzera animatu nahi ditugu oraindik ez dakiten donostiarrak. Iaz erabili genuen lehen aldiz lelo hau eta aurten lelo berari eutsi diogu kanpainak duen helbururako oso egokia iruditzen zaigulako.Euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izan (euskaraz) eta euskara ikasi (gaztelaniaz)”.

Hiriko autobusak izango dira publizitate kanpaina egiteko euskarri garrantzitsuenak eta horrez gain, 10.000 eskuorri banatuko dira Donostiako leku publiko gehienetan. Tabernetan Postalfree postalak banatuko dira, eta sare sozialen bitartez #euskaldunizate traola hedatuko da.

Euskaltegi eta zentro homologatuen ordezkariek adierazi dutenez, “asmo garbia dugu, Donostia euskalduntzea elkarlanean. Gero eta euskaldunagoa den hirian oraindik euskara ez dakiten donostiarrak euskarara hurbildu nahi ditugu”.

Euskara ikasi edota maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua (AEK, Bai&By, Hitzez, Ilazki, Legazpi6, Mondragon Lingua, Urrats eta Urumea) izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza aurkituko dute. Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke. Bestetik, euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzat ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edota hogeita bost ordukoak). Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak dituzte aukeran. Badira, bestalde, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari, enpresetako langile edota etorkinentzat antolatzen direnak.

Udalak 301.463,75 € bideratuko ditu 2016-2017 ikasturtean donostiarren euskalduntzea laguntzera

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu 2016-2017 ikasturtean ere. Horrela, HABEk homologatutako ikasturte osoko ikastaroak laguntzeko 225.848,75 € bideratuko ditu.

Euskalduntze prozesu jarraituaz gain, Donostiako euskaltegiek xede berezietarako oinarrizko ikastaro laburrak ere antolatzen dituzte. Komunikazio behar zehatzak dituzten xede talde desberdinei zuzendutako ikastaroak izaten dira: merkatarientzat, ostalarientzat, gurasoentzat, etorri berrientzat, jubilatuentzat... 60 orduko ikastaroak dira eta ikasleak 60 € ordaindu behar ditu. Talde hauek osatzeko 37.615,00 €ko laguntza ematen die Udalak euskaltegiei.

Langabetuentzat ere izango da dohaineko eskaintza ikasturte honetan eta horretarako Udalak 38.000 € bideratuko ditu.

2016-2017 ikasturterako diru laguntzak eskatzeko epea eta baldintzak

Euskara ikasi nahi dutenek irail osoa izango dute Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako diru-laguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 3tik azaroaren 18ra egongo da zabalik. Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru laguntza On Line, edo aurrez aurre Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) eta UdalInfo bulegoetan: Udaletxean, Morlansen eta Altzan. 

Urrian hasiko diren ikastaroez gain, 2017ko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroak ere diruz lagunduko dira. Ikastaro horietan parte hartuko dutenek otsailean egin ahal izango dute diru laguntza eskaera. Ikastaro presentzialez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ikastaroa hasi eta hilabeteren barruan egin beharko da.

Diru laguntzak jasotzeko baldintzak ondokoak dira:

Eskatzeko baldintzak:

  • 16 urtetik gorakoa izatea.
  • Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo zerbitzu enpresa batean lan egitea.

 Jasotzeko baldintzak:

  • Euskaltegi batean matrikulatu.
  • Eskabidea, behar bezala beteta, eta derrigorrezko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu.
  • Ikasturte amaieran,gutxienez azpimaila bat gainditu eta %85eko asistentzia egiaztatu.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen diru laguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait diru laguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten diru laguntza jaso arren, Euskara Zerbitzuaren diru laguntza ere eskatu ahal izango du, betiere gain finantziazioa ez dela izango ziurtatuz.

2015-2016 ikasturteko ikasleak, diru laguntza eskabideak eta diruz lagundutakoak

2015-2016 ikasturteko neguko ikastaroetan (udako datuak oraindik ez dira jaso), 3.926 lagun aritu dira hiriko euskaltegietan euskara ikasten. Gehienek, 3.061, ikastaroak euskaltegian bertan jaso dituzte eta 865 lagunek autoikaskuntza ikastaroak egin dituzte Internet bidez. Ikastaro presentzialetan ibili direnen artean, 710 lagunek xede bereziko taldeentzako (gurasoak, merkatariak...) egokitutako ikastaroetan parte hartu dute, eta 148 langabeentzako bereziki antolatutako doako ikastaroetan aritu dira.

Neguko ikastaroetan aritu diren herritarren artean,1.294 lagunek egin dute diru-laguntza eskabidea Udalean,eta, horien artean, diru-laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenak 1.000 (%77,28) izan dira. Aurrekontuari dagokionez, 203.263,88 euroko diru kopurua bideratu da neguko ikastaroak diruz laguntzeko, eta gainerako 22.584,87 euroak udako ikastaroetan aritu diren herritarrak laguntzeko izango dira.

2015-2016ko neguan euskara ikasten aritu eta baldintza guztiak betetzen dituen ikasle batek 173,6 euroko diru laguntza jasoko du gainditutako azpi-maila bakoitzeko.

Horiek irailean jasoko dute diru laguntza. Hartara, ikasturte berrirako matrikula ordaintzeko baliagarri izango zaie jasotzen duten diru hori. Udan aritutakoek, berriz, abenduan jasoko dute dagokien diru laguntza.

Itzuli