Albisteak

Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa

UNESCO Etxea- Euskal Herriko UNESCO Zentroak eta Donostia 2016k antolatu dute Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa. Izena emateko epea zabalik da eta www.donostiaforum.eu webgunean egin daiteke. UNESCOk foro hau aukeratu du Munduko Hizkuntzen Atlas berria aurkezteko.

Abenduaren 15 eta 16an Europako hizkuntza-komunitateak Kursaal aretoan elkartuko dira, gaur egun Europan hizkuntzen aniztasuna kudeatzeak berekin dakartzan erronka nagusiak aztertzeko. Izena eman daiteke jadanik bertan parte hartzeko, ondoko web gunearen bidez: www.donostiaforum.eu

Europako adituek beren esperientziak eta proposamenak partekatuko dituzte hizkuntzen aniztasunean diharduten eragile sozial eta erakundeekin. Beste zenbaiten artean, ondoko gaiak jorratuko dituzte: hizkuntza-aniztasuna jasangarritasunerako oinarri gisa, komunitateen hizkuntza-eskubideak, hezkuntzako erronkak, gazteen zeregina hizkuntza gutxiagotuen sustapenean, Europako hizkuntza-politiken marko orokorra eta hizkuntza-aniztasunaren egoera munduan, Unescoren Munduko Atlasarekin.

Foroaren zuzendari zientifikoa Ane Ortegaren esanetan, “hizkuntzen aniztasuna proiektu europarraren zutarrietako bat da, eta Foro hau aukera paregabea da Europako hizkuntzen biziberritzea eta normalizazioa sustatzeko, bereziki ahulenak direnak.

Donostian egiten ari den Europako Hiriburutza Kulturalaren testuinguruan Foro hau egiteak ikusgarritasun handiagoa ematen dio gai honi, eta Donostia 2016 Fundazioaren helburuekin bat egiten du: “pertsonen berdintasuna eta askatasuna bermatzeko ezinbestekoa da hizkuntza guztien garapena. Gainera, betekizun etikoa da, bizikidetza eta kultura-aberastasunarekin lotuta”, Fundazioko zuzendaria Pablo Berastegik azpimarratu duenez. Kontuan hartu behar da arlo honetako jarduera asko egin direla urte honetako programaren barruan, besteak beste, “Hitzargiak - Elkar argitzen duten hizkuntzak”, “Embajada Tosta” eta “In varietate Concordia”.

Hizkuntza-aniztasunaren Europa eta bere erronkak 

Suzanne Romaine izango da hitzaldi eta eztabaidari hasiera emateko hizlari nagusia, Hizkuntza-Aniztasuna eta Jasangarritasunari buruzko gogoetarekin. Romaine mundu mailako ikerlari aitzindaria da eta bere ekarpenak, besteak beste, elementu hau Garapen Jasangarriko 2030 Agendan txertatu dira.

Bere aurkezpenaren ondoren, Kontseiluko kideek Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren nondik norakoak jorratuko dituzte, Kursaal aretoan bertan hilaren 17an aurkeztuko dutena. Bertan bildu dira Europa mailako eragileekin elkarlanean egin den diagnosiaren emaitzak eta bildu diren proposamenak.

Hizkuntza gutxiagotuen hezkuntza anitza eta gazteak hiztun aktibo bihurtzeko erronken inguruan jardungo dute lehen eguneko arratsaldean, eta besteak beste Finlandia, Aran Bailara, Gales, Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak partekatuko dira.


Bigarren jardunaldian Europako Tokiko Hizkuntzen Kartak orain arte lortu dituen emaitzen analisi eta eztabaidak hartu du protagonismoa, bertako Adituen Batzordeko presidentea Vesna Crnic-Grotic-ren eskutik. Mahai-inguruan akademiako adituek hizkuntza-politikak definitzeko giltzarri den elementu hau hobetzeko proposamenak egingo dituzte, eta ondoren erakunde-mahia egingo da, eztabaida politikora eramateko. Bertan izango dira François Alfonsi (European Free Alliance/EFA alderdiko presidentea eta “Alfonsi” Txosteneko egileetako bat), Tove Hansen Malloy (European Centre for Minority Issues erakundeko zuzendaria) eta Sabrina Rasom (Network to promote linguistic diversity elkarteko presidenteordea).

Azken eguneko arratsaldean bi eduki nagusi jorratuko dira. Alde batetik, euskararen biziberritzeko prozesua aztertuko da, bere lorpen eta erronkak azalduta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren eskutik.

Eta amaitzeko, UNESCOko Komunikazio eta Informazio arloko zuzendari nagusiaren albokoa Frank La Ruek UNESCOren Munduko Atlas berria aurkeztuko du, Programako aditua den Irmgarda Kasinskaite-Buddeberg-arekin batera.


Atlas hau munduko hizkuntzen aniztasunaren egoera ulertzeko oinarrizko erreferentzia da, ikerketa zein sentiberatzeko. Atlasaren azken bertsioa 2010 urtekoa da eta geroztik, Unesco lanean aritu da erabat berria den Atlasa lantzeko. Hain zuen ere, horixe da nazioarteko komunitateari lehen aldiz Donostian aurkeztuko den emaitza.

Informazio gehiago

Itzuli