Albisteak

Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik

Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2019-2020 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailean hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu.

Euskara ikasi edo maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza izango dute. Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke. Bestetik, euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzako ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edo hogeita bost ordukoak).

Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak dituzte aukeran. Badira, bestalde, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari edota etorkinentzat antolatzen direnak.

 

Udaleko Euskara Zerbitzuaren diru-laguntzak

 

Euskara ikasi nahi dutenek, irailean hasita, Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako diru-laguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 1etik azaroaren 16ra egongo da zabalik. Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru-laguntza.

Informazio gehiago

 

 

 

Itzuli