Albisteak

Hiriko bederatzi auzoetako euskara batzordeek diru laguntzak jasoko dituzte euskara sustatzen jarraitzeko

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hirikobederatzi auzoetako Euskara Batzordeak diruz lagunduko ditu auzo bakoitzeko Plan Integralak inplementatuz euskara sustatu dezaten.

Euskara Batzordeak osatuta dauden bederatzi auzoetan urteko plan integralak aurrera eramateko 25.000 euro banatzea erabaki du Tokiko Gobernu Batzordeak

Hiriko bederatzi auzoetan- Intxaurrondo, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Altza, Bidebieta, Añorga, Martutene, Aiete eta Igeldo- euskararen erabilera normalizatzeko plan integral bat prestatu dute DonostiakoEuskararen Plan Orokorra (2015-2019) marko gisa hartuta, bakoitzak bere errealitatera egokitutako helburu zehatzak finkatuz eta urtez urteko ekintza plana garatuz.

150 bat ekintza aurrera eramatea aurreikusita

Donostiako Udalak diruz laguntzen dituen ekintza plan hauek jarduera desberdinez osatuta daude, auzoaren arabera: herritarrak sentsibilizatzeko jarduerak, erabilera sustatzekoak, haur eta gazteen aisialdiarekin loturikoak, merkataritza egitasmoak, euskarazko komunikabideak sustatzera bideratutakoak eta abar. Guztira 150 bat ekintza eramango dituzten aurrera urtean zehar.

Euskara Batzordeak tokian tokiko egoerari ahalik hobekien erantzuteko asmoz sortu dira. Euskara batzordeetan eragile desberdinek ( auzo elkarteak, kirol elkarteak, euskaltegiak, guraso elkarteak, eskolak eta abar) eta norbanakoak parte hartzen dute. Lehenik eta behin, auzoaren diagnostikoa egiten dute, eta ondoren lehentasunak finkatu eta helburu zehatzak jartzen dituzte. Horren ostean, helburu horiek erdiesteko urteko ekintza plan bat zehazten dute.

 

 

Itzuli