Albisteak

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu da

Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 28. edizioaren oinarriak argitaratu dira eta parte hartzeko epea irekita dago. Donostiako ikastetxe guztietan banatu dira oinarriak eta kultur etxe, gazteleku, haurtxoko, liburutegi eta hainbat leku publikotan eta www.donostiaeuskaraz.eus webgunean eskura izango dira. Gogoratu behar da lanak entregatzeko azken eguna 2017ko otsailaren 15a izango dela.

Haur eta gazteek ikastetxean edota Euskara Zerbitzuan bertan entrega ditzakete lanak, edo bestela, Euskara Zerbitzura postaz bidali edo zuzenean eraman.

Parte hartzeko adina 8 urtetik 18 urtera bitartean da, eta Donostiako ikastetxeren batean ikasten ari den gaztetxo orok parte har dezake. Adinaren arabera 5 modalitatetan parte har dezakete gaztetxoek: bertsoa, ipuina, komikia, mikroipuina eta olerkia.

Aurtengo epaimahaikideak honako hauek izango dira: Mattin komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, eta Ana Malagon, Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Inazio Mujika idazleak.

Aurreko edizioan 855 lan jaso ziren eta aurten ere parte hartze zabala espero da. Horretarako, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 8-18 urte bitarteko donostiar gazteak animatu nahi ditu gustukoen duten lehiaketa motan parte hartzera.

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren amaieran egingo da Udaletxeko Pleno Aretoan. Aurrerako jakinaraziko dugu data zehatza.

Informazio gehiago

 

Itzuli