Albisteak

Lagunekin kantari: Antton Valverde eta Behi Bideko Andere Xuriak maiatzean Larrotxenen

15 urte Lagunekin Kantari. Entzuteko atsegina, kantatzeko plazerra

2016ko maiatzaren 9tik 27ra izango dira emanaldiak, Larrotxene Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30ean eta doan.

IZBE, Intxaurrondo Kantuz eta Donostia Kulturak antolatutako programa, Irutxuloko Hitzaren laguntzarekin.

 

Lagunekin Kantari, Programa Xumea, Baina Zerbait Berezia Dakarrena

2001ean euskal kanten ikastaro bat abiatu zuten, IZBE(Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea) eta Donostia Kulturaren arteko lankidetzari esker, taldean kantatzeko ohitura, galtzen ari zena, berreskuratu nahian, eta, bide batez, auzoan euskal giroa bizkortu nahian, euskaldunak euskaldunekin jarduera ludiko baten bidez harremanetan jarrita. Hurrengo urtean Lagunekin Kantari, Entzuteko atsegina, kantatzeko plazerra programa berezia sortu zuten: kantariek emanaldiaren erdia jendearentzat kantatzen dute (euren abestiak) eta beste erdia jendearekin batera, (hainbat euskal herri-kanta –tradizionalak eta berriagoak–).

Programak beste azpiatal bat dauka, Etxekoekin kantari deitzen dena. Bertan, azken hiru urteotan, Donostiako ikastaroetako jendea, “bihurtu dugu artista”, entzule aulkietatik oholtzara igota. Horietaz gain, proiektu osoaren filosofiarekin zerikusia duen atal bikoitz batek ixten du programa: Kantu Jira, auzoko kale eta plazatxoetan zehar eta Kantu Afaria auzoko elkarte batean.

Programaren beste berezitasun bat, giroa da: Larrotxeneko aretoa, areto txikia da, oholtza ez da kasik oholtza, 90 bat lagun sartzen dira orotara, eta kantarien eta entzule-kantarien arteko gertutasuna erabatekoa da; horrek eite berezia ematen dio ekitaldiari...

 

Aurten, 15. edizioa izango da; ez da hain-hain gutxi.

Zein kantari/talde/musikari pasa diren programatik: Jean Mixel Bedaxagar; Aire ahizpak; Erramun Martikorena; Andde Duhalde; Thierry Biscarry-Maialen Errotabehere; Mixel Etxekopar-Mixel Arotze-Maddi Oihenart; Amaia Zubiria; Manex Pagola; JM Beltran taldea; Celine Mounole-Magali Zubillaga; Beñat Axiari; Pantxix Bidart; Niko Etxart-Dominika Etxart-Robert Larrandaburu; Bidaia (Caroline Phillips-Mixel Ducau); Jean Bordaxar taldea; Txomin Artola; Antton Valverde; Bihauri (Maddi Oihenart + Julie Läderach); Elaudi taldea; Iñaki Eizmendi; Amaren Alabak; Petti; Pier Paul Berzaitz; Xabi San Sebastian; Gorka Knörr.

Aurtengo egitaraua

9, ASTELEHENA

Antton Valverde Hasieran gitarra erabiltzen bazuen ere, aspaldi honetan pianoaz baliatzen da kantaldietan.

Oskarbi, Pantxoa eta Peio, Lurdes Iriondo eta batez ere Xabier Lete izan ditu kanta lagun.

Lizardi, Lauaxeta, Lete, Gandiaga, Jon Mirande, Gabriel Celaya, Manex Erdozaintzi eta beste poeta askoren olerkiak musikatu ditu, eta hamahiru diskotan kaleratu. Azken urte hauetan Anjel Lertxundirekin kolaboratzen du.

16, ASTELEHENA

Behi Bideko Andere Xuriak, “Gure errepertorioa Marie Bidarten tesi lanerako artxibotatik abiatu zen. Emeki-emeki euskal kantutegiko zenbait kantu xaharren berorkestratzen ibili gira, batzuk kasik ahantziak, batzuk beti moduan daudenak. Artetik guhauren zenbait aire berri ere aurkituko dira”.

23, ASTELEHENA

ETXEKOEKIN KANTARI Etxekoa. Kantaldiaren lehenengo zatian, azken lau urteetako sorpresa atseginari segida emanda, Donostiako kanta taldeetako lagunak izango dira protagonista, aulkitik oholtzara pasata. Etxekoak kantari, alegia. Etxekoentzat.

27, OSTIRALA

KANTU-JIRA eta KANTU-AFARIA Kanta programa honekin guztiz bat datozen jarduerak. Hamalaugarren urtez jarraian, lagun taldea Larrotxene parean elkartu eta kantua (eta dantza) kalera aterako dugu, gure auzoko etxarte eta plazetara; ondoren, kantua elkartera eramango dugu, lagunartearen epelera. Afaria: Artzak Ortzeok elkartean (16€). Txartelak salgai Larrotxene Kultur Etxean, lehenengo emanalditik aurrera

Itzuli