Albisteak

“Parketarrak”, haurrentzako ekimena 11 auzotan egingo da ikasturte honetan

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, “Parketarrak“ izeneko egitasmoa Donostiako hamaika auzotan antolatuko da 2016ko udazkenean. Lehen saioak astelehenean, irailaren 26an, izango dira, Altzan, Aieten eta Amara Berrin. “Parketarrak” ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da.

Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Horrela, egitasmo honen lehen txandak
irailaren 26an hasi eta urriaren 28a bitartean iraungo du eta Donostiako plaza eta parke anitzetan jolasak antolatuko dira. Egitasmo hau doan eskainiko da.

2015ean 2.000 bat haurrek parte hartu zuten


2015ean oso harrera onan izan zuen egitasmo honek. Zabu-Zibu  programan 1.200 bat haurrek eta 225 gurasok parte hartu zuten. Txirrintxon programan berriz, 974 haurrek. Egitasmoaren arrakasta ikusita, aurten ere 11 auzotan egiten ari da: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Martutene, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Igeldo. 2016an orain artean egindako saioetan oso balorazio onak jaso ditu. Donostiako hamaika auzo horietan Euskara Batzordeak sortu dira eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako “Parketarrak” ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Parketarrak martxoan eta maiatzean izan zen eta iraila-urrian antolatuko da orain

Horrela, urte osoan zehar, hiru txanda edo ekitalditan banatuta, aipatutako Donostiako hamaika auzotan eramaten ari da aurrera ekimena: martxoan, maiatzean eta iraila-urrian. Txanda bakoitzak lau saio izango ditu (astero bat), 3-5 urte bitarteko haurrentzat bata eta lau
6-9 urtekoentzat bestea. Bukaerako taulan azaltzen dira iraila-urriko txandako egunak eta lekuak.

Miren Azkarate, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariaren hitzetan ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da: “Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik.
Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da”. Bere hitzetan giltzarri da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelerara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko: “Haurrek eta gazteek, sarritan, eskolan edota familian bakarrik erabiltzen dute euskara. Kalean berriz, aisialdian,
gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian,
euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa
txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko Parketarrak
ekimena lagungarria da oso” adierazi du Azkaratek.

Informazio gehiago

 

X

Itzuli