Albisteak

‘Uda gau bateko ametsa’ antzezlana Cistina Enea parkean ekainaren 21etik uztailaren 24ra

Ekaina iritsi da, udari hasiera eman ohi dion hilabetea, eta Donostia 2016k gau ahaztezin baterako gonbitarekin emango dio ongietorria urtaro-aldaketari. Uda gau bateko ametsa antzezlanari buruz ari gara. Cristina Enea parkean eskainiko da egunero (astelehenak salbu) ekainaren 21etik uztailaren 24ra.

Asko dira William Shakespearek idatzitako komediak, baina antzerkian eta zineman izan dituen moldaketen zerrenda ikusita, esan daiteke Uda gau bateko ametsa dela ezagunenetakoa. Maitasuna eta magia. Eta biek eragindako nahasmenak. Baso bat. Gizakiak, maitagarriak eta iratxoak. Horiek guztiak elkartzen dira antzerkigile ingelesaren obran. Gainera, eszenatoki paregabean ikusteko aukera izango dugu, Cristinaenea parkean.

Patxo Telleriak idatzitako eta Iñaki Rikartek eta Fernando Bernuesek zuzendutako bertsioak, baina, hainbat aldaketa dakartza, betiere, jatorrizkoaren espirituari uko egin gabe.

Ikuskizuna 21:00etan hasiko da (parkeko ateak ordu laurden lehenago irekiko dira). Orduan utziko diote ikusleek publiko huts izateari, eta Hermia eta Demetrioren ezteietako gonbidatu bihurtuko dira. Dagokien aulkietan eseriko dira oturuntzari ekiteko, eta bitartean lanaren lehen agerraldiez gozatuko dute.

Lana, bost ekitalditan banatuta, parkeko leku desberdinetan gertatuko da; beraz, ikusleek ez dute ohiko moduan ikusiko. Baso magikoan barneratuko dira, eskuetan kriseilu bana dutela, eta tramaren hari nagusiari jarraituko diote. Traman egiazko pertsonaiak eta pertsonaia fantasiosoak eta mitologikoak tartekatuko dira. Aire zabalean eta parke batean egingo den ikuskizuna izanik, oinetako erosoak eramatea aholkatzen da.

Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak eta Tanttaka Teatroak ekoitzitako Uda gau bateko ametsa ikuskizunera bertaratuko diren ikusleek Shakespearen obrarekin gozatu bitartean menu original bat dastatzeko aukera izango dute.

Obraren protagonistetako bi diren Hermia eta Demetrioren eztei-oturuntzara gonbidatu bihurtuko da publikoa Cristina Eneako atea gurutzatu orduko. Horrela, maitasunaren fase ezberdinak dastatzeko aukera emango duen menu berezi bati ekingo diote. Menu hori, Luisa Lopez Telleriak diseinatutakoa da eta Bocadok garatu eta landutakoa. Gainera, Beronia ardoek girotuko dute afaria.

Maitasunaren lehen fasea, flirta, ezpainak bustitzeko edabearekin irudikatuko da eta baita kolorezko xuxurlekin ere.

Horren ostean begirada intentsoak etorriko dira, lehen musuaren laztan eta kilimak.

Pasioak, ordea, piztutako haragiaz gozatzera eramango ditu gonbidatuak.

Zoramen gozoak emango dio amaiera maitasun afariari.

Sarrerak

Saio guztietarako sarrerak salgai daude jadanik dss2016.eu/eu/sarrerak webgunean, zuzeneko atzipenean. Sarrera fisikoak ere eskuragai daude Alderi Ederreko informazio puntuan. Poubliko orokorrarentzako prezioa 30 eurokoa izango da aurresalmentan, eta 40 eurokoa leihatilan.

Ikuskizuna aire zabalean izango da, eta ezin izango da euri-egunetan egin; halakorik gertatuz gero, dirua itzuliko da. Euriagatik bertan behera geratuz gero, saioaren egun berean jakinaraziko da, 19:00etan, dss2016.eu web-orriaren eta 900 840 251 zenbakiaren bitartez. Hala balitz, sarreraren dirua itzuliko da.

Ezin izango da barrutian sartu ikuskizuna hasi ondoren.

Irisgarritasunari, mugikortasunari edota elikagai-motaren bati izan dakiokeen alergiari buruzko argibideak behar izanez gero, bidali email bat helbide honetara: udagaubatekoametsa@dss2016.eu.

Itzuli