Albisteak

Udaleko Euskara Zerbitzuak 184.500 € emango ditu diru laguntzetan estrategikoak diren euskarazko jarduerak aurrera eramateko

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen alorrean estrategikoak diren lau jarduera aurrera eramateko diru laguntzak onartu berri ditu. Guztira, 184.500 euro banatzea erabaki du 2016an berebiziko garrantzia duten lau egitasmo aurrera eramateko: Irutxuloko Hitza eta Hamaika Donostia Telebista euskarazko tokiko komunikabideak, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen “ Ikasle Euskaldun Eleanitzak” proiektua Egian euskararen erabilera sustatzeko.

Donostian euskara sustatzeko helburuarekin sorturiko Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten eta 48.000 euroko diru laguntza jasoko du hainbat jarduera aurrera eramateko: motibazio tailerrak, soziolinguistika saioak, jardunaldiak eta abar. Hala ere, diru laguntzaren zati nagusia Mintzalaguna egitasmoa lagundu eta sustatzen jarraitzeko izango da. Erabilera sustatzeko oso baliagarria den Mintzalaguna egitasmoak 2015-2016 ikasturtean bilakaera garrantzitsua izan du, 100 lagun gehiago ari baita egitasmo honetan parte hartzen. Udalak iaz baino 3.000 euro gehiago eman dizkio Bagerari aurten Mintzalaguna ekimen garrantzitsu hau indartzen jarraitzeko.

Bestalde, Udaleko Euskarazko Zerbitzuak tokiko euskarazko komunikabideak diruz laguntzen jarraituko du. Batetik Irutxuloko Hitza webgunea eta astekariari 90.000 euro emango dizkio eta bestetik Hamaika Donostia Telebistari 40.000 euro.

Azkenik, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteari 6.500 euroko diru laguntza eman dio Egian aurrera eramaten ari den “Ikasle Euskaldun Eleanitzak” proiektu pilotua diruz laguntzeko. Sortzen-Ikasbatuazen proiektua Euskal Herriko bi lekutan bakarrik jarri da abian: Bizkaiko Dima herrian eta Donostian. Proiektuaren azken helburua ikastetxea dagoen eremuan, auzoan alegia, euskararen erabilera sustatzeko metodologia berria eta eraginkorra sortzea da. 2016an amaituko da egitasmoa eta ondoren Egian ezarritako lan metodologia hau Donostiako beste eremu edo auzoetan ezartzeko aukerak aztertuko dira.

Eneko Goiak azaldu du diru laguntza hauek eragile hauek guztiek egiten duten lana sustatzeko balioko dutela: “Ekintza eta egitasmo hauek oso garrantzitsuak dira Donostiako Udalak indarrean duen Euskararen Plan Orokorra (2015-2019) garatzen eta osatzen laguntzeko”.

Itzuli