Albisteak

XVI. Donostia Antzerki Saria Ados Teatrorentzat

XVI . Antzerki Saria. Irabazleak

Ezkerretik eskuinera, Miren Azkarate zinegotzia, Garbi Losada Ados Teatroko zuzendaria, eta Ane Gabarain, Sara Kozar eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak

"Maitasunaren ostean, maitasuna" antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Sariaren XVI. edizioa. Alzheimerraren gaia jorratzen da bertan modu poetiko eta zirraragarrian. Martxoaren 27an eskainiko da lan saritua, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian.

Ados Teatro konpainiak 10.000 € eta Baroja Colleten artelana jasoko ditu sari gisa.  Garbi Losadak zuzendu du antzezlana eta Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar aktoreek antzeztu dute. 

Antzezlana berezia da oso. Batetik,  Dora Salazarren lan plastikoak garrantzi handia duelako antzezlanean, eta bestetik, Alzheimerra ez ohiko eran jorratzen delako, abilezia handiz eta era oso zirarragarrian.

Helduentzako euskarazko 17 antzerki lan eta 6.214 ikusle 

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak ahalegin berezia egin dute 2015ean euskarazko antzerkigintza sustatzen jarraitzeko. Datuek agerian uzten dute ahalegin hori: 2015ean Donostian helduentzako 17 antzerki lan eta 48 emanaldi eskaini dira eta guztira 6.214 ikusle izan dira emanaldi horietan.

Gogoratu behar da, Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak adostutako hitzarmena dela medio, euskarazko antzerkiaren eskaintza zabala eta egonkorra izatea lortu dela azken urteetan, beti ere, urteko ekoizpena kontuan hartuta. Bi erakundeon elkarlanari esker, urtean zehar Donostia Kulturaren antzoki eta guneetan euskarazko antzerki lanak kontratatzen dituzte eta lan bakoitzetik gutxienez bina emanaldi eskaintzen dira.

 

 

Itzuli