Gurasoentzako euskara ikastaroak

Ikastaro hauen helburua da, 2-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso erdaldunak euskarara hurbiltzea, eta guraso euskaldunei hizkuntza gaitasuna hobetzeko aukera ematea.

Ikasturtearen amaieran eta hasieran ikastetxeek eta guraso elkarteek informazioa jasoko dute Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzutik. Bertan azalduko da ikastetxean guraso taldeak antolatu nahi izanez gero, eman beharreko urratsak. Ikastetxearen edota gurasoen elkarteen bidez antolatuko dira taldeak, euskaltegi baten laguntzarekin.

 

 

 
Ikastaroaren ezaugarri orokorrak
  • Iraupena: 60 ordu, urria-maiatza
  • Erritmoa: 2/3 ordu astean
  • Ordutegia: ikastetxearen esku
  • Taldeak: 8-15 ikasle
  • Matrikularen prezioa: 60 €

Erritmoa ikastetxeak erabakiko du euskaltegiarekin batera: erritmo apalekoak izan daitezke, bi ordu astean adibidez; edo biziagokoak, eta ikasturte hasieran abian jarriz gero, ikasturtean bi ikastaro egiteko aukera izan daiteke. Ikastetxeetako gurasoek nahi duten bezala.

2023/2024ko ikasturtea: guraso taldeak antolatzeko prozedura

  1. Ikastetxeak edota Guraso elkarteak erabakiko du taldeak antolatu ala ez, ordutegiak, egunak, erritmoa…
  2. Taldeak HH eta LHko gurasoekin osatuko dira (baita haurra zaintzen duten aitona-amonekin edo zaintzailearekin ere), ratioa: gutxienekoa: 8 lagun talde bakoitzean.
  3. Ikastetxeak edota Guraso Elkarteak aukeratuko du Donostiako euskaltegi homologatu bat eta harekin jarriko da harremanetan (ikus euskaltegien zerrenda)
  4. Euskaltegiak lagunduko du talde homogeneo samarrak antolatzen, mailaketa... Askotan errazagoa da hasieratik euskaltegi batekin harremanetan jartzea.
  5. Baliteke ere prozesua arintzearren euskaltegiak zuekin zuzenean harremanetan jartzea, batez ere aurreko ikasturtean zuen ikastetxeetan aritu badira.
  6. Gurasoek euskaltegiari ordainduko diote 60 €-ko matrikula 60 orduko ikastaro osoarengatik.
  7. Ordu horiek ikastetxeak, guraso elkarteak edo taldeak berak erabakitzen duten bezala banatuko dira. Baldintza bakarra da ikasturte bukaera baino lehen betetzea.
  8. Hasiera eta amaiera datak ere euskaltegiarekin adostuko dira, betiere kontuan hartuta 60 ordu eman behar direla.
  9. Euskaltegiek ekarriko dituzte zerrendak Euskara Zerbitzura.
  10. Epea: taldeak antolatutakoan. Urria osoa duzue antolatzeko.
  11. Ohiko mailez gain, aukera dago "mintza praktika" egiteko taldeak antolatzeko, hau da, batez ere, euskaraz mintzatzeko taldeak. Maila ezberdinetako gurasoak elkartu daitezke euskaraz hitz egiteko irakasle baten eskutik.
  12. Oraingo deialdirako taldeak antolatzeko astirik ez baduzue, hurrengo deialdian sar zaitezkete, taldea osatutakoan. Euskaltegiek lagunduko dizuete.
  13. Ikastetxean bertan ez bada osatzen taldea, gurasoek nahi izanez gero, inguruko ikastetxeko talderen batean sar daitezke. Aukera hori beti egon da, baina arrazoi prektiko edo dena delakoagatik, normalean gurasoek ez dute nahi izaten.

 Kontsultatu Donostiako euskaltegi homologatuen zerrenda hemen

 

Esperientzia positiboa guraso eta aitona-amonentzat

Itzuli