Euskaraldia

Iazko Euskaraldiaren arrakastaren ondotik, Euskaraldiaren bigarren edizioa izango da 2019ko udazkenean. Oraingo honetan, hizkuntza ohiturak aldatzeko norbanakoak konpromisoak hartzera animatzeaz gain, era guztietako entitateen (pribatuak eta publikoak) parte hartze aktiboa lortu nahi da, ariguneen bidez; entitateetan euskara erabiltzeko espazioak dira ariguneak eta bertako kideek, gutxienez, euskara ulertu eta belarriprest edo ahobizi rolak hautatuko dituzte. Ondoko bideoan laburbiltzen dira Euskaraldiaren berrikuntza nagusiak.

Datorren urteko ariketa behar bezala antolatzeko Euskaraldiaren antolatzaileak urratsak egiten hasi dira eta egitasmoaren bideragarritasuna neurtzeko asmoz, frogaldia egin nahi izan dute Euskal Herriko hiru gune hauetan: Arabako lautadan, Bizkaiko enpresa batean eta Donostiako Intxaurrondo auzoan.

Azken urteotan, Intxaurrondoko bizilagunen arteko arteko hizkuntza praktika berriak bultzatzeko hainbat egitasmo landu izan dituzte auzoan: 2017ko “20 orduko eta 20 eguneko erronka” eta “2018ko Euskaraldia”. Horietan izandako arrakastari jarraipena emanez eta datorren urteko ariketaren aurrekari bezala, 11 eguneko frogaldia egingo da Intxaurrondon, 2019ko azaroaren 22tik abenduaren 3ra. Antolakuntza lanetan elkarlanean ari dira Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkartea, Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua. Hiru entitateetako ordezkariak dagoeneko jarri dira harremanetan auzoko hainbat entitate eta establezimendurekin eta irailetik aurrera buru-belarri ariko dira lanean, auzotarrek eta entitate pribatu zein publikoek udazkeneko ariketan parte har dezaten.

 

 

 

2018ko Euskaraldia

"Euskaraldia, 11 egun euskaraz Donostian" 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bideratuko zen ekimena izan zen eta euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohituretan eragitea zuen helburu. Ekimena Euskal Herri osoan batera egin zen arren, Donostiako kasuan udala eta Bagera elkartea izan ziren dinamikaren sustatzaileak, Topagunea eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

 Euskaraldiaren helburua zen euskaltzaleak aktibatzea, azken ikerketek baitiote euskararen ezagutza handitu dela, baina erabilera ez dela areagotu hein berean. Hori dela eta, Euskaraldiak 11 egun horietan 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izateko gonbitea egiten zuen.  Ahobiziek ahal zuten guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten eta Belarriprestek, berriz, ulertzeko gai baina egiteko gai ez zirenek, euskaraz aritzeko gonbidapena egin zieten gainerakoei.

 Elkarlana, beraz, oso garrantzitsua izan zen eta Donostiako sustatzaileek Euskaraldia egokitu zuten Donostiako egoera soziolinguistikora. Azken finean, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan eragitea zen Euskaraldiaren helburua.

Eragina eta emaitzak

Euskaraldiak Euskal Herri mailako erabileran izan duen eraginari buruzko txostena argitaratu da. Ikerketaren emaitzak laburbiduta daude hurrengo bideoan:

 

 

2018ko Euskaraldian 17.659 donostiarrek parte hartu zuten, 12.849 ahobizi eta 4.800 belarriprest

Euskaraldia amaituta, balorazioak egiteko garaia iritsi zen eta zoriontzeko modukoa da donostiarren parte hartzea ekimenean. Izan ere, 17.659 donostiarrek parte hartu zuten Euskaraldian, 12.849 ahobizi eta 4.800 belarriprest. Horietatik, aipatzeko modukoa da 3 izen-ematetik 2 emakumezkoena izan zirela. Dena den, 11 egunak pasatu badira ere, gogoratu Euskaraldiak 365 egun dituela. Zorionak eta eskerrik asko guztioi parte hartzeagatik!

 

Izen-ematea auzoka:

 AUZOA  AHOBIZI  BELARRIPREST  PARTE HARTZAILE KOPURUA PARTE HARTZEA %
AIETE  801  271  1072  6,09
ALTZA  550  266  816  4,63
AMARA  924  374  1298  7,37
AMARA BERRI  756  305  1061  6,03
ANTIGUA  1924  500  2424  13,77
AÑORGA  256  54  310  1,76
BIDEBIETA  237  114  351  1,99
EGIA  1189  400  1589  9,02
ERDIALDEA  870  437  1307  7,42
GROS-ULIA  1592  511  2103  11,94
IBAETA-IGARA  342  94  436  2,48
IGELDO  143  26  169  0,96
INTXAURRONDO  908  447  1355  7,69
LOIOLA  206  100  306  1,74
LOIOLAKO ERRIBERAK  276  118  394  2,24
MARTUTENE  148  66  214  1,22
MORLANS  74  24  98  0,56
PARTE ZAHARRA  1557  655  2212  12,56
ZUBIETA  32  7  39  0,22
BESTEAK  72  33  105  0,38

2018ko Euskaraldiaren hamaikakoa Donostian

Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia:11 egun euskaraz ariketa sozialean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rolen bitartez. Donostiako hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes-urratsa egitea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta donostiarren parte hartzea aktibatzeko deia egin nahi dute. 

Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Euskaraldiaren hamaikakoa Donostian, erreferentziazko herritarrek eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboek osatzen dutenak dira:

  1. Miren Arrieta, aktorea
  2. Barbara Goenaga, aktorea.

  3. Kontxu Uzkudun, moda-diseinatzailea

  4. Mariano Ferrer, kazetaria

  5. Iñaki Salvador, musikaria

  6. Josean Abecia, Altza Hadi batzordeko kidea

  7. Garazi Urrosolo, Egiako euskara batzordeko kidea

  8. Mikel Irazusta, herritarra.

  9. Xila Pihlstrom, euskal herritar eta suomitar kultur eragilea

  10. Jokin Aperribai, Realeko presidentea

  11. Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria

Itzuli