Castillo Suarez (Altsasu, 1976) Euskal Filologian lizentziatua da eta, ogibidez, administrazioko euskara teknikaria. Haren literatura lanak ibilbide oparoa du, eta azken bi hamarkadetan argitaratutakoak euskal poesiako ahotsik pertsonal eta berezienetakoa bihurtu du. Mugarri estaliak (Susa, 2000), Spam poemak (Elkar, 2004), Bala hutsak (Elkar, 2006), Souvenir (Elkar, 2008) eta Urtebetetze festa (Elkar, 2012) poema-bildumak idatzi ditu, besteak beste. Eta aurten etorriko da altsasuarraren poema-liburu berria, Irautera. Poesia ez ezik, haurrentzako liburuak ere idazten ditu. Ebelina mandarina (Erein, 2010) ipuinarekin irabazi zuen Lizardi Saria, haur eta gaztetxoen euskarazko ipuingintzan izen eta garrantzi handienetakoa duen saria.