Igor Leturia-k euskaraz zuzendutako solasaldian, Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) eta Joseba Larratxe (Irun, 1985) komikigileen Basolatik berri onik ez (Xabiroi, 2020) lanari buruz hitz egingo dugu, egileak bertan egongo direlarik.
Asisko Urmeneta hainbat proiektu kolektiboren parte hartzaile (Napartheid, Marrazkirri, H28...) eta azken hamarkadetan mota guztietako ilustrazio lanak egin dituen (komiki labur eta tirak, nobela grafikoak, diska azalak...) komikigile eta ilustratzailea da. Joseba Larratxe 'Josevisky'-k berriz hainbat aldizkaritarako kolaborazioak (Argia, Gaztezulo, Xabiroi, H28...), beste hainbat nobela grafikotako ilustrazioak ('Katu Hegoduna', 'Walking', 'Aingurak' -honen gidoia ere bai-, 'Joana Maiz'...) eta bestelako ilustrazio lanak egin ditu.
Basolatik berri onik ez Xabiroi aldizkarian atalka eta ondoren liburu formatuan argitaratu den nobela grafikoa da, Orbaizetako arma fabrika zaharraren deuseztatzea oinarri hartuta Asisko Urmenetak idatzi eta Joseba Larratxek marraztutako alegiazko istorioa.