Andrei, 9 urteko mutiko bat, herri txiki baten kanpoaldean bizi da, itsasotik hurbil. Amak umezurztegi batera eraman nahi du. Aukera horrek izugarri izutzen du Andrei, badakielako bere bizitza guztiz aldatuko dela. Ekaitz-egun batean, txakur bat aurkitzen du, eta erabakitzen du Chupacabra ahuntz-banpiro mitikoa dela eta mirariak egingo dituela. Ikusmira Berriak egonaldi-programaren bitartez garatutako opera prima.
Azpitituluak euskaraz
Gizon gazte baten lehen emakume-konkistak eta aitarengatik sentitzen duen maitasun sakona. Hori da Luc-en –Parisera lanbide-eskola batean sartzeko azterketa egitera joango den herriko gazte baten– istorioa. Kalean, Djemilarekin topo egin eta amodio labur bat biziko dute elkarrekin. Aitaren etxera itzultzean, haurtzaroko lagun Genevièverekin harreman bat hasiko du Lucek, baina Djemilak berriz ikusi nahiko du Luc. Eskolan onartuko dute protagonista, eta Parisera itzuliko da, Geneviève eta sabelean duen haurra atzean utzita.
Azpitituluak euskaraz
Amaiaren bizitza irauli egingo da bere herriko –Uriolako– emakumeen elkarteak alarde tradizionalean desfilatu nahi duenean. Gai horretan sartzeak agian komunitatearen eta familiaren kontra jar dezake haur-hezkuntzako irakaslea. Erabaki bat hartzea dilema handia izango da Amaiarentzat. Borroka horrek ama Edurnerekin berriz elkartzera bultzatuko du Amaia; gaixorik dago Edurne, eta Amaiarengandik urrunduta zegoen dibortziatu eta aita hil zenez geroztik, duela 25 urte. Amaiak ez du inoiz ama barkatu alarde mistoaren aldeko inplikazioari garrantzi haniagoa eman izana familiaren interesei baino. Eta berak ez du inolaz ere gauza bera egingo, hain zuzen ere Aitor –bere senarra– burgumaisu eta Jone –bere alaba– kantinera izendatu dituzten urtean. Minitelesail honen lau kapituluetako biren aurkezpena.
Mari jainkosak Deabruaren esku utziko ditu bi semeak, biak aita hilkorrekoak, hark hez ditzan. Adin-nagusitasunera iristen direnean, batek, Mikelatsek, maisuarekin geratzea erabakiko du; besteak, Atarrabik, ihes egingo du. Baina Deabruak Atarrabiren itzala atxikitzea lortuko du.
Euskadi, 2009. Lide segurtasun-zaintzailea da; abiadura handiko trenaren obretan egiten du lan, kaleetan protesta sozialak eragiten dituen proiektu batean, hain zuzen. Lan egin eta gaua festan igaro ondoren etxera itzultzen denean, bi lagunentzako gosaria prestatzen du, baina bere alaba nerabea, Ane, ez dago etxean. Hurrengo egunean, Ane oraindik ez da agertu. Lide lasai dago, ziurrenik, aurreko egunean izandako eztabaida gogorraren ondorioz desagertuko zelako. Aneren gauzen artean bilatzen, konturatuko da ez duela benetan bere alaba ezagutzen. Opera prima.