Albisteak

120 ekitalditik gora antolatu dira Donostian Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 120 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira datozen egunetan Donostian, Euskararen Hirian. Urtean zehar euskara sustatzeko lanean diharduten 10 auzotako euskara batzordeez gain, beste bost auzotan ere Euskararen Eguna antolatzeko taldeak sortu dira.

2021eko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko hamabost auzotan. Azaroaren 24tik abenduaren 5era 120 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira Donostian barrena. Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean egitaraua antolatzera animatu direla esan du Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak “auzo horietan batzordeak sortu dituzte egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta kopuru garrantzitsua da oso”.

Jarduera horiek guztiak ezagutzera emateko auzo bakoitzeko egitarauarekin eskuorriak eta kartelak argitaratu eta banatzeaz gain, informazioa eskuragarri egongo da donostiaeuskaraz.eus webean.

Era guztietako ekintzak hiriko auzoetan

Ekintza sorta zabala eta anitza prestatu da egun horietarako: kultur ekintzak (antzerkiak, liburu irakurketak, kantu jirak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak eta abar), erabilera sustatzeko egitasmoak (mintzalaguna, mintzodromoak, mahai jokoak euskaraz), haurrentzako jarduerak edota familian egitekoak (pailazoak, bisita gidatuak eta abar).

120 ekintza horietatik euskara eta kultura zinegotziak gutxi batzuk nabarmendu nahi izan ditu. “Intxaurrondon, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Kuikui” ikuskizuna; Andoni Ollokiegiren kontzertua Ibaetan; San Telmoko “Euskal Sustraiko jende izenak...” erakusketaren harira antolatuko diren hitzaldiak; eta Antigua, Martutene, Loiola edota Parte Zaharrean egingo diren bertso-saioak, besteak beste”.

“Haurren aurrean, helduok heldu”, helduen hizkuntza praktiken inguruan hausnartzeko ekimena

Euskararen erabilerarekin lotuta, haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragin eta euskara gehiago erabiltzeko egitasmoa martxan da Donostian abenduaren 5a arte.

Haurren aurrean, helduok heldu ekimimenaren helburua haurrekin maiz egoten diren helduen (guraso, hezitzaile, zaintzaile eta abar) hizkuntza praktiketan eragitea da. Insaustiren esanetan, “sarritan haur eta gazteen hizkuntza portaerak ditugu jopuntuan, baina ez gara konturatzen euskara dakigun helduon hizkuntza ohiturak ez direla batere eredugarriak. Horri erreparatu nahi diogu ekimen honen bitartez”.

Egitasmoa hirian aurrera eramateko elkarlanean aritu dira Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Udaleko Euskara Zerbitzua. Donostian ez ezik, beste 80 bat hiri eta herritan ere martxan jarri da.

 

Itzuli