Albisteak

Bai Euskarari Ziurtagiriak Banaiz Bagara elkartea, Gasteizko Mendia Optika eta Kike Amonarriz saritu ditu

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak urteroko Ekitaldi Nagusia egin zuen joan den ostiralean Donostiako Basque Culinary Centerren, ziurtagiridunak eta elkarte eta erakunde ezberdinetako ordezkariak bertan zirela.

 

Bai Euskarari Sarien helburua da arlo sozioekonomikoan euskararen alde egiten duten ziurtagiridunen lana aitortzea. Aurten, Banaiz Bagara elkarteak, Mendia Optikak eta Kike Amonarrizek jaso dute aitorpen hori, berebiziko ibilbidea egin dutelako euren espazioak euskararekin betetzen, “eta horrexegatik sarituko ditugu” gaineratu zuen Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria den Rober Gutierrezek

 

Banaiz Bagara elkarteak jaso du ziurtagiridunen artean banatzen den Bai Euskarari Sarietako bat.

Banaiz Bagara elkarteak lan munduari dagozkion egitasmoen bidez eta kultura, kirola eta hizkuntza transmisioen bidez euskararen eremuan herritarren elkar ezagutzea sustatu zein gizartearen barne kohesioa eta aukera berdintasunaren alde egiten du lan. Ziurtagiriaren Elkarteak lan hori guztia aitortu nahi izan die sari honekin.

Petra Elser izan da saria jaso duena. Haren hitzetan, lan munduan euskaraz eragitea da zailena eta aldi berean aitorpen gutxiena duena. Horregatik, Bai Euskarari Saria egindako esfortzu horren “errekonozimendu handia” dela esan du eta gaineratu du indarra ematen diela bide horretan segitzeko.

Mendia Optikak jaso du bigarren Bai Euskarari Saria. Mendia Optikan euskararen aldeko apustua egin izan dute beti, bai bezeroekin harremanean, baita kanpoko komunikazioan ere. Euskaraz aritu nahi duten negozioentzat erreferente izan dira eta hori aitortu nahi izan dio Ziurtagiriaren Elkarteak.

Mendia Optikako Kepa Mendiaren ustez euskarak onura ekonomikoa ekartzen du: “Beste abantaila bat ematen zigun, ezberdintzen gintuen. Gaur egun esaten den bezala, balio erantsia ematen zigun”. Euskal hiztunei dei egin die Mendiak: “Iruditzen zait euskal bezeroak ez dakiela euskararen indarra zein handia den. Hasiko bagina euskaraz erosten, zerbitzuak euskaraz eskatzen,… nola aldatuko litzatekeen egoera leku askotan”.

Bai Euskarari Laguna Saria

Kike Amonarrizek jaso du aurten Bai Euskarari Laguna Saria. Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea da. Oso ezaguna da euskaldunon artean batez ere Euskal Telebistan jardun duelako aktore, gidoilari eta aurkezle lanetan saio ugaritan.

 Euskararentzat oso une onean gaudela aipatu du Amonarrizek: “Elkarbizitzarako unea da. Euskara denona da eta kolore ezberdinendako lekua dago”, esan du.

 Euskararen alde gogoz eta indartsu ari den jende asko dagoela esan du Amonarrizek: “nahiz eta batzuetan nekea eta frustrazioa sumatu, ilusioa, gogoa eta indar handia sumatzen dut euskararen alde. Aurrera egiten ari gara eta aurrera egingo dugu”.

Gizarteak eta instituzioak elkarlanean aritzeko unea dela azpimarratu du: “Hizkuntza politiken aldeko unea, lan munduan euskararen alde egiteko unea, euskararen aldeko motibazioa pizteko unea, euskarak eremu guztian behar duen babes politikoa emateko unea. Horretarako norabide berean jokatu behar dugu euskaltzale guztiok. Gehiago da batzen gaituena banatzen gaituena baino”.

Itzuli