Albisteak

Belaunaldien arteko mintzodromo batekin ospatu dugu Donostian Euskararen Nazioarteko Eguna

Donostiak ekimen berezi batekin ospatu du Euskararen Nazioarteko Eguna. Mintzodromoak duela bost urte sortu ziren hirian eta gaur goizean belaunaldien arteko mintzodromo bat egin da, urtemuga berezia mintzodromo berezi batekin ospatuz.

Euskara, etenik ez duen haria da aurtengo leloa, eta mezu hori izan dute ardatz hirian antolatutako ekitaldi nagusiek. Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak, gure hizkuntzan ahozko transmisioak izan duen garrantzia nabarmendu du: “Euskal Herria osora hedatu diren  mintzodromoak gure hirian sortu ziren duela bost urte eta gaur belaunaldien arteko mintzodromo batekin ospatu dugu urteurrena; Gure aiton amonak euskaraz aritu zirelako dakigu guk euskara, eta gu ere euskaraz bizi garelako, izango du etorkizuna euskarak, belaunaldi gazteen esku uzten baitugu orain lekukoa, ondare honen transmisioa bermatuz”.

'Euskara, etenik ez duen haria' leloa osatuz taldeko argazki bat atera da, mintzodromoan parte hartu duten lagun guztiekin, hauek soka eskuetan hartuta zutela. San Telmon egindako mintzodromoak ere irudi ederra eman duela adierazi du Izagirrek: “Belaunaldi ezberdineko donostiarrak elkartu gara gaur hemen, egun benetan berezia, euskararen transmisioaz solastatzeko, euskararen inguruko bizipenak elkarri kontatzeko, eta etorkizuneko erronketaz hitz egiteko; eta ideia bat argi geratu da, euskaraz bizi nahi dugula, eta euskarak 365 egun dituela”.

San Telmon 300 lagunetik gora elkartu dira, hiru txandatan, aiton amonak, helduak eta gazteak. Donostiako Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak ere izan dira bertan, hala nola, sindikatuetakoak. Dabid Doblas, Nekane Arzallus, Nekane Soria, Nagore Arizaga eta Unai Elizasu kirolariak, Iñaki Beraetxe aktorea, Peter Ansorena musikaria eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria ere bertan izan dira. Donostia Hiri Lagunkoia programan parte hartzen duten adineko pertsonak ere bertaratu dira, bertan, programa honek zahartzaro aktiboa bilatzen du eta adineko pertsonek hiriari ekarpen asko egiteko daukatela aldarrikatzen du.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira 150 ekintzatik gora egin dira egunotan Donostian, Euskararen Hirian. Hiriko hamabost auzo eta herrietan hizkuntza-transmisioarekin lotura duten ekintzak ere antolatu direla gogoratu du Nerea Txapartegik. Udal Gobernuko Euskara arduradunaren hitzetan haurrentzako jolas tradizionalak, eta kantu jirak antolatu dira, besteak beste, hiriko 70 eragilerekin elkarlanean; “Donostia Euskararen Hiria dela diogu, Donostiak izaera hori berreskuratzeko, egunero nonahi eta noiznahi, erabili behar dugu euskara, belaunaldiz belaunaldi”.

Itzuli