Albisteak

“Betikoa. Gertukoa” tokiko merkataritzan euskararen erabileraren inguruko sentsibilizazio kanpainaren bigarren edizioa abiatu da

“Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Donostiako Udalak merkataritzan euskara sustatzeko abiatu duten kanpaina da. Iaz egin zen lehenengo edizioak irekitako bidetik jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztietara ireki da, eta elkarlanean oinarritu den kanpaina bat eraiki da. Guztira 60 udal baino gehiagok parte hartu dute kanpainan.

Merkataritzaren testuinguruan euskararen erabilera konfiantzarekin lotzen du kanpainak. Tokiko merkataritzak berezko duen gertutasunak eta betikotasunak konfiantzazko harremana sortzen du. Era berean, harreman horrek kalitatearekin lotura dauka, bai produktuarena eta baita harremanarena ere.

Garrantzitsua da merkataritza eta kontsumo eremuetan zerbitzu hizkuntza euskara izan dadin sustatzea. Eta eskakizun horri erantzunez egin da kanpaina hau. Herritarrak, kontsumitzaileak,  aktibatu nahi ditu euskara erosketa unean erabiltzera animatuz. Eta alderantziz, jarduera ekonomikoa herrian dutenak gonbidatu nahi ditu euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera. Bi erpin ukitzen ditu. Erosterakoan eta saltzerakoan ere egin dezagun lehenengo hitza euskaraz”. Kanpainak, gainera, gure hizkuntza, euskara, eguneroko erosketarekin, hurbiltasunarekin, herriko harremanekin lotzen du. Gertukoa eta bertakoa lotzen du euskararekin.

 

Kanpainaren ezaugarri nagusiak

Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu da. Izan ere, “Jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak eta euskararen erabileraren inguruan hausnartzea eta sentsibilizatzea du helburu.

Mezu horri spot baten forma eman zaio eta hori da kanpainaren ardatza. Spotak biloba eta amona bat irudikatzen ditu egunerokoan. Amonak bilobari erosketak egitera ateratzeko eskatzen dio eta erosi beharrekoen zerrenda bat aipatzen dio. Hainbeste dira amonak emandako jarraipenak, bilobak zer erosi behar duen ahazten duela okindegira iristean. Okinak baina, amona ezagutzen du eta bilobak ezer eskatu gabe “betikoa” eskaintzen dio. Spotak islatzen duen egoera hau bezeroaren eta merkatariaren arteko eguneroko harremanetik sortzen den konfiantzaren isla da.  Eta horrekin batera, norbera bere hizkuntzan artatua izatea konfiantza hori eraikitzeko bidea dela.

Spotaren zabalkundearekin batera, udalen elkarlanak garrantzi berezia dauka aurtengo edizioan. Merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina autonomo edo isolatuak egin beharrean, modu bateratuan egitearen aldeko izan dira EAEko udal ordezkariak (EUDEL, UEMA, hiru Aldundiak eta bat egin duten udal, koadrila nahiz mankomunitateak), eta azken bi urtetan egindako koordinazio lana oso modu positiboan baloratu da. Hala, datozen urteei begira, kanpaina denboran iraunkorra eta bateratua izan dadin adostu da denen artean.

 

Itzuli