Albisteak

Donostia Kirolak Euskararen Zilarrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen atzo

Donostia Kirolak Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskararen Kalitatearen Ziurtagiriaren Zilarrezko Bikain maila lortu du eta atzo bertan, azaroaren 18an, jaso zuen ziurtagiria Victoria Eugenia Antzokian egindako sari emate ekitaldian.

Aurtengo urrian zehar egindako ebaluazio bat gainditu ondoren eskuratu du zilarrezko ziurtagiria. Ebaluazio horretan erakundearen lau ardatz aztertzen dira:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa (errotuluak, argibideak, webgunea…).
  • Kanpo harremanak (bezeroak, produktua/zerbitzuak, hornitzaileak, finantza erakundeak…).
  • Barne harremanak (GGBB, prestakuntza, baliabide informatikoak, kudeaketa sistemak…).
  • Hizkuntza kudeaketa (Hizkuntza politika, pertsonak eta baliabideak)

Bikain sistemaren arabera hiru aitortza-maila edo ziurtagiri lor daitezke, kolore bana dutelarik:

  • Oinarrizko maila edo Bikain beltza  
  • Tarteko maila edo Bikain zilarra
  • Goi maila edo Bikain urrea

ZORIONAK Donostia Kirolak! eta segi bide horretatik euskararen erabilera hobetuz Urrezko Bikain Ziurtagiria ere lortzeko.

Atzoko ekitaldian orotara, 39 erakundek jaso zuten ziurtagiria; horietatik hamabik goi-mailako urrezko Bikain ziurtagiria; hogeik zilarrezkoa eta zazpik oinarrizkoa. Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 138 kidek egin dituzte.

Urkulluk egindako lana aitortu die enpresei, eta euskara sustatzeko berrikuntzak duen garrantzia azpimarratu du: "Etorkizunerako erronka da gero eta enpresa gehiagok euskaraz lan egitea, euskarak presentzia handiagoa izatea administrazioan, kudeaketan eta komunikazio arloan, alegia".

Bikain Kanpo-Ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak. Hori horrela, aurten parte hartu duten erakundeek dagoeneko jaso dute ebaluazio-txosten bana beren indargune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena, lortutako puntuazio eta horren araberako ziurtagiriarekin batera; hori guztia, lan-ibilbide desberdinetako ebaluatzaile talde batek egina, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean.

Itzuli