Albisteak

Donostiako 295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jartzea onartuko du Udal Gobernuak

Donostiar bat baino gehiago harrituko da jakitean, euskara ofiziala izan arren, Donostian badirela kale eta plaza izen ugari oraindik ofizialki euskara izenik ez dutenak. Kale eta plaza horiek 1979 urtea baino lehen izendatu ziren, eta ordutik hona ez dira ofizialki euskaratuak izan. Egiteko zegoen lan hori osatzea da Udal Gobernuak erabaki duena.

Kaleak euskaraz

 

Orain arte euskara izen ofizialik ez zuten kale eta plazei euskarazko izen ofiziala jartzea erabaki du Udal Gobernuak. Izen horiek proposatzeko, Udalak Euskaltzaindiak Donostiako kale izenei buruz emandako gomendioak eta arauak hartu ditu oinarri baita, euskararen erabilera normalizatzeko Udalak onartutako arau eta irizpideak ere.

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek nabarmendu duenez, “erabaki honekin, aurrerapauso nabarmena egingo dugu euskararen normalizazioan”. Alkateak gogorarazi duenez, “Donostia euskararen hiria da. Egunetik egunera, donostiarrak euskara normalizatzeko lanean ari gara: euskaraz ez dakitenek euskara ikasiz; dakitenek euskaraz eginez; elkarte eta taldeak auzoetan eta kaleetan euskararen normalizazioa bultzatuz. Gure aldetik ere, udaletik eta administraziotik, obligazioa daukagu euskararen hiria eraikitzeko aurrera egitekoa”.

Azkenik, Izagirre alkatea hala mintzatu da: “Euskara hizkuntza ofiziala bada ere, harrigarria da orain arte Donostian hainbeste kale eta plaza euskaraz ofizialak ez izatea. Behar-beharrezkoa da, beraz, orain ematen ari garen pausoa”.

Nerea Txapartegi Euskara arduradunak ere ildo beretik aritu da: “Alkateak esan duen moduan, euskararen normalizazio ikuspuntutik aurrerapauso handia ematera goaz. Euskara udalean zerbitzu hizkuntza bihurtuz; baina baita laneko hizkuntza eta harreman hizkuntza ere. Gure konpromisoa oso garbia da eta izango da aurrerantzean ere. Hori egiten ari gara, nagusiki, bi arrazoirengatik: herritarrek nahi dutelako, eta Donostiak behar duelako”.

 

Kale eta plaza izenak hiru multzotan banatuta

Guztira 295 kale eta plaza izango dira euskarazko izen ofiziala hartuko dutenak. Horiek guztiak hiru multzotan banatu dituzte:

  1. Izendapenaren muina euskaraz eta gaztelaniaz berdina dutenak. Easo plaza, Hernani kalea eta Matia kalea, esaterako. Multzo honetako izenetan, gaztelaniazkoaren izena ez litzateke aldatuko.
  2. Euskaraz eta gaztelaniaz izen desberdinak dituztenak. hemen sartuko lirateke, adibidez, Artzain Onaren plaza, Hondarribia kalea eta Trinitate plaza. Kasu honetan ere, gaztelaniazkoa bere horretan geratuko litzateke.
  3. Euskarazko izena normalizatzearekin batera, gaztelaniazko izena ere egokituko luketenak. Honela, Aiete pasealekua euskaraz eta gaztelaniazkoa Paseo de Aiete izatera pasatuko da; Gipuzkoa plaza euskaraz eta gaztelaniaz Plaza de Gipuzkoa; edo Mundaitz kalea euskaraz, eta gaztelaniaz calle de Mundaitz izango da.
Itzuli