Albisteak

Donostiako 318 establezimenduk egin dute bat bezeroei euskara bermatzeko asmoa duen kanpainarekin

Donostiako 318 establezimendutan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatuta daukate herritarrek. Donostiako Udalak denda eta tabernetan euskara sustatzeko abian jarritako kanpainarekin bat egindako establezimenduak dira horiek guztiak; “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoaren lehen faseak emaitza oso positiboak eman ditu.

Parte Zaharra, Intxaurrondo eta Donostiako 9 kale komertzialetako (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matia eta Larratxo) establezimenduen harrera oso ona izan da.

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduraduna pozik agertu da emaitzarekin: “Hilabete batean 318 denda eta tabernek egin dute bat kanpainarekin, establezimendu horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute eta hori jakinarazteko eranskailu bat jarri dute, identifikatu egin dira, bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote”.

 

Mapa interaktiboa martxan

Establezimendu horiek guztiak mapa interaktibo batean kokatu dira jendeak jakin dezan zein establezimendutan euskaraz egin dezakeen. Era askotako establezimenduak parte hartu dute: dendak , arrandegiak, harategiak, tabernak, jatetxeak, bidai agentziak, botikak, ile-apaindegiak, optikak, okindegiak, eta abar.

2015ean hiriko beste auzo batzuetara zabalduko da egitasmoa. Hala ere, baldintzak betetzen dituen edozein establezimenduk aukera izango du egitasmoan parte hartzeko www.merkatari.net-en eskaera eginez gero. 

 

#ereeuskaraz lehiaketa sare sozialetan eta establezimenduetan

Euskararen erabilera sustatu eta ekimena ezagutzera emateko asmoz, bideo bat ere egin da, eta sare sozialetan #ereeuskaraz lehiaketa martxan jarri da. Lehiaketa martxan dago eta azaroaren 23ra arte egongo da zabalik. Epea amaituta, 10 irabazleen izenak ezagutzera emango dira. 50 euroko 10 sari banatuko dira egitasmoan parte hartzen duten establezimenduetan urtea bukatu aurretik gastatu ahal izateko.

 

Itzuli