Albisteak

Donostiako 615 establezimenduk egin dute bat bezeroei euskara bermatzeko asmoa duen kanpainarekin

Donostiako 615 establezimendutan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatuta daukate herritarrek. Donostiako Udalak denda eta tabernetan euskara sustatzeko abian jarritako kanpainarekin orain arte bat egin duten establezimenduak dira horiek guztiak.


 “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoaren bigarren faseak emaitza oso positiboak eman ditu. 2015ean aurrera eramandako fase honetan, Antigua, Ibaeta, Erdialdea eta Amarako ( Easo plaza eta Mendeurrenaren plaza ingururaino) establezimenduak bisitatu dira eta bertako 290 establezimenduk bat egin dute egitasmoarekin. Gogoratu behar da bestalde, lehen fasean Parte Zaharra, Intxaurrondo eta Donostiako 9 kale komertzialetako (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matía eta Larratxo) establezimenduak bisitatu zirela eta 301 denda eta tabernek parte hartzea erabaki zutela. Horrez gain, hiriko beste 24 establezimenduk Euskara Zerbitzuaren webgune bidez egin dute eskaera.

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduraduna pozik agertu da  emaitzarekin: “Orain arte 615 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, establezimendu horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute eta hori jakinarazteko eranskailu bat jarri dute, identifikatu egin dira, bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote”.

Establezimenduak mapa interaktiboan ikusgai

Establezimendu horiek guztiak www.donostiaeuskaraz.eus webgunean jarritako mapa interaktiboan daude jendeak jakin dezan zein establezimendutan euskaraz egin dezaketen. Era askotako establezimenduak parte hartu dute: dendak, arrandegiak,  harategiak, tabernak, jatetxeak, bidai agentziak, botikak,  ile-apaindegiak, optikak, okindegiak, eta abar.


Aurrerantzean baldintzak betetzen dituen edozein establezimenduk aukera du egitasmoan parte hartzeko www.merkatari.eus edo www.donostiaeuskaraz.eus webaren bitartez. Bertan formulario bat betetzea nahikoa  du eskaera egiteko.

#ereeuskaraz ekimena sustatzeko kanpaina kalean

Bihartik aurrera sustapen ekintzak egingo dira Erdialdean, Amaran eta Antiguan. Kanpainaren informazioa zabaldu eta herritarren parte hartzea sustatzeko, postu ibiltariak jarriko dira hainbat kaletan ostiral arratsaldean ( 17an eta 24an) eta larunbatean goiz eta arratsaldez (18an eta 25ean), leku hauetan:  

Apirilak 17, ostirala,     17:30-21:30    Loiola kalea 

Apirilak 18, larunbata   11:00-14:00    Gaskoina plaza,  Antigua.
                                   11:00-14:00    Easo Plaza, Amara.
                                   17:30-21:30    Boulevard
                                   17:30-21:30    Loiola kalea  

Apirilak 24, ostirala       17:30-21:30    Elkano kalea

Apirilak 25, larunbata    11:00-14:00    Jose Mª Sert plaza, Antigua
                                    11:00-14:00    Easo plaza, Amara
                                    17:30-21:30    Errege Katolikoen kalea
                                    17:30-21:30    Boulevard

Postu horietan herritarrek esaldiren bat idatzi edo marrazkiren bat egin ahal izango dute eta  kanpainarekin loturiko materiala eskuratu (globoak, txapak, orri markatzaileak). Horrez gain, argazkiak ateratzeko gune bat (Photocall) ere egongo da nahi duen herritarrak kanpainarekin bat egin dezan.  Ekimen horietan parte hartzen duten herritarrek lehiaketa batean parte hartuko dute. Parte hartu duten guztien artean 50 euroko 10 sari banatuko dira eta irabazleek diru hori egitasmoan parte hartzen duten establezimenduetan gastatu beharko dute maiatza bukatu baino lehen.

Horrez gain, euskararen erabilera sustatu eta ekimena ezagutzera emateko #ereeuskaraz  kanpaina abian jarriko da twitterren.

Euskara Zerbitzuak “Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoa sektoreko hainbat eragilerekin jarri du martxan (Donostiako Sustapena, Donosti SShops, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Auzoa, Zaharrean eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin batera ( Bagera, Batzen, Bizarrain, Plazara Goaz, Parte Zaharrean Bizi).

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak azaldu du esparru guzti-guztietan sustatu behar dela euskararen erabilera: “Donostia Euskararen Hiria da eta leku guztietan sustatu nahi dugu euskararen erabilera, administrazioan, baina baita denda, taberna, jatetxe eta abarretan; bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, leku publiko zein pribatuetan.

Horrekin batera herritarrak ere euskara erabiltzera animatu nahi ditugu. Horretarako “Donostian ere euskaraz” kanpaina egin berri du Udalak eta horren bitartez lehen hitza euskaraz egitera eta euskara erabiltzera animatu nahi izan  ditugu donostiarrak”.

Itzuli