Albisteak

Donostiako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Donostiako alkatea den Juan Karlos Izagirrek eta Andres Urrutiak, Euskaltzainburuak, Donostiako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen honetan zehazten dira bi erakundeen arteko lankidetzaren oinarriak.

Honela, Euskaltzaindiak Udalaren Euskara Zerbitzuari laguntza eta aholkua emango dizkio, euskararen normalizazioan eta garapenean egiten duen lanean; honekin batera, Euskaltzaindiak Udal zerbitzuetatik eskatzen zaion hizkuntza aholkularitza egingo du, bereziki kale izen berrien hizkuntzari dagokionez, Euskaltzaindiak ezartzen dituen irizpideen baitako koherentzia zainduz. Gainera, Donostiako Udalak eskatuta, Etnogintza S.L.-k 1995ean egindako Donostiako Toponimia lana oinarri hartuta Donostiako leku izenen zerrenda normalizatua eta eguneratua egingo du.

Bestalde, hitzarmenean zehazten denez, Euskaltzaindiak euskararen estatusari buruzko aholkularitza eta lanak egingo ditu, bereziki jardunaldiak eta bilkurak Luis Villasante Euskararen Ikergunea baliatuz, euskararen aurrerapenerako xedea aintzat hartuta.

Donostiako Udalak, bere aldetik, 25.000 € ko ekarpena egingo du hitzarmen hau aurrera eraman ahal izateko, urtebeteko epean.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea pozik agertu da egindako hitzarmenarekin. “Donostia euskararen hiria da. Eta euskara diogunean, beste gauza askoren artean, Euskaltzaindia ere esaten dugu. Euskaltzaindiak 1919an sortu zenetik euskararen alde egin duen lanak balio kalkulaezina dauka. Orain, Donostian beste pauso bat eman nahi dugu: Euskaltzaindiak gure zerbitzuei aholkularitza ematea, eta, horrekin batera, hiriko toponimia osoa euskaraz normalizatu eta eguneratzea. Pauso garrantzitsu eta ezinbestekoa hiri honentzat, batetik, eta euskararentzat, bestetik”.

Euskaltzaindiaren eta Udalaren arteko harremana aspaldikoa da. Tolare baserrian kokatua dagoen Akademiaren Gipuzkoako ordezkaritza, Luis Villasante Euskararen Ikergunea, Donostiako Udalaren lagapena da. Izan ere, 2010eko martxoaren 26an, Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Euskaltzaindiari Tolare baserria 25 urterako lagatzea erabaki zuen erabilera pribatiborako jabari publikoko emakida gisa, eta akordio horretan jasotzen diren baldintzek indarrean jarraitzen dute.

Itzuli