Donostiako Udalak euskaltegietan izena eman eta euskara ikasteko deia egin die donostiarrei. Horretarako, hiriko euskaltegi eta zentro homologatuekin batera, kanpaina bat jarri du martxan.
Nerea Txapartegi, Donostiako Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak euskara ikasteko deia egin die donostiarrei: “Estropadetan bete-betean sartuta gaudela baliatuta lelo horixe aukeratu dugu; 'Euskarari eutsi eta arraun'. Traineruak aurrera egiteko arraunlari guzti-guztiak behar dituen bezala, euskarak ere gu guztion beharra dauka, horregatik, arraunak eskuetan hartu eta euskarari eusteko, euskara ikasteko eta euskararen alde arraun egiteko, eskatu nahi dizuegu. Kontxako bandera jokatuko da igande honetan. Kontxa, estropaden olinpiada da, eta Donostia, euskararen hiria, hortaz donostiar guztiei dei egiten diegu euskara ikasteko eta euskararen hiria egiteko”.
Euskara ikasi edota maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua (AEK, Bai&By, Hitzez, Ilazki, Legazpi6, Mondragon Lingua, Urrats eta Urumea) izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza aurkituko dute. Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke. Bestetik euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzat ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edota hogeita bost ordukoak).
Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek berriz, internet bidezko Autoikaskuntza izeneko ikastaroak dituzte aukeran. Badira bestalde, xede bereziko taldeentzako egokituriko ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari, enpresetako langile edota etorkinentzat antolatzen direnak. Talde bakoitzaren ezaugarriak eta maila kontuan hartuta eskaintza berezitua egiten dute euskaltegiek, ikasleen neurrira eta beharretara egokituta.
2013-2014 ikasturtean euskara ikasten aritu direnak
2013-2014ko neguko ikasturtean (udako datuak oraindik ez dira jaso), 3.207 lagun aritu dira hiriko euskaltegietan euskara ikasten. Gehienak, 2.082, ikastaroak euskaltegian bertan jaso dituzte; 719 lagunek autoikaskuntza ikastaroak egin dituzte internet bidez; eta 406 lagunek xede bereziko taldeentzako (gurasoak, merkatariak,..) egokituriko ikastaroetan parte hartu dute.
Bestalde, euskaltegietan ikasten ari diren ikasle askok argi dute euskaltegitik kanpo ere euskara praktikatu behar dutela ikas prozesua azkartzeko. 2013-2014 ikasturtean (uda barne) Bagera elkarteak antolatzen duen Mintzalaguna ekimenean 244lagunek parte hartu dute eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Bagerak eta Donostiako euskaltegiek ikasturtean antolaturiko Mintzodromoetan berriz, 364 lagun aritu dira.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak irailaren 15etik azaroaren 7ra zabalduko du 2014-2015 ikasturtean euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko epea. Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru laguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza 2) eta UdalInfo bulegoetan: Udaletxean, Morlansen eta Altzan.
Urrian hasiko diren ikastaroez gain, 2015eko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroak ere diruz lagunduko dira. Ikastaro horietan parte hartuko dutenek otsailean egin ahal izango dute diru laguntzaren eskaera. Bestalde, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Hauek diruz laguntzeko eskabidea ikastaroa hasi eta hilabeteren barruan egin beharko da.
Eskatzeko baldintzak:
Jasotzeko baldintzak:
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen diru laguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait diru laguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten diru laguntza jaso arren, Euskara Zerbitzuaren diru laguntza ere eskatu ahal izango du, betiere gain finantziazioa ez dela izango ziurtatuz.
2013-2014 ikasturtean neguan ikasten aritu diren herritarrek diru laguntzak urrian jasoko dituzte
Neguko ikastaroetan aritu diren herritarrek egindako eskaerak 2014ko urrian lagunduko dira eta urte bukaeran udako ikastaroetan, barnetegietan eta autoikasketakoetan aritutakoenak.
Honela, aurtengo neguan ikasten aritu direnek urrian jaso ahal izango dute diru laguntza eta horri esker, ikasten jarraitu nahi duen ikasleak eskura izango du dirua hurrengo ikasturtea ordaintzeko.
2013-2014 ikasturterako, 225.013,95 euroko aurrekontua dauka Euskara Zerbitzuak herritarren euskara ikastaroak diruz laguntzeko.
Neguko ikastaroetan aritu diren herritarrek 1.211eskabide egin dituzteeta diru laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenak 936 dira, %77,29. Aurrekontuari dagokionez, 189.011,72 euroko diru kopurua gorde da neguko ikastaroak diruz laguntzeko eta gainerako 36.002,23 euro gordeta daude udako ikastaroetan, barnetegietan eta autoikaskuntzakoetan aritu diren edo arituko diren herritarrak laguntzeko.
2013-2014ko neguan euskara ikasten aritu eta baldintza guztiak betetzen dituen ikasle batek 160 euroko diru laguntza jasoko du gainditutako urrats bakoitzeko.