Albisteak

Donostiako Udalak partaidetza prozesu baten bidez egingo du hurrengo Euskararen Plan Orokorra

Donostiako Udalak partaidetza prozesu baten bidez egingo du hurrengo Euskararen Plan Orokorra (2015-2019). Donostiar guztiek izango dute aukera, beraz, euren ekarpena egiteko. Donostian euskararen normalizazioan aurrera egitea eta euskararen berreskurapen osoa lortzea izango dira hurrengo lau urtetarako planaren erronkak, eta bide horretan donostiarren iritzia ezinbestekoa izango da. Prozesu parte hartzaileak urrian hasi eta urtarrilera arte iraungo du.



Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak prozesu honen garrantzia nabarmendu du: “Aurreneko aldia da plana herritarrekin eta eragileekin elkarlanean egingo dugula, partaidetza prozesu honek bere biziko garrantzia dauka. Udalak donostiar guztiak gonbidatu nahi ditu euskararen berreskurapen osoa lortzeko datozen urteetarako bidea diseinatzera. Horretarako, gogoeta estrategiko bat egin nahi dugu modu kolektibo batean donostiarren parte hartzea sustatuz”.

Txapartegik zehaztu du prozesu honetan parte hartzeko bi bide egongo direla: “Batetik, aurrez aurreko saioen bidez eta bestetik, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko www.euskaraz.net web gunearen bitartez”.

Aurrez aurreko aurreneko saioa azaroaren 6an izango da, ostegunarekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Udalbatza Aretoan. Herritarrekin hiru saio egingo dira hiriko euskararen egoera aztertu eta etorkizunari begirako proposamenak lantzeko. Saio bakoitzean euskararen normalizazioaren inguruko lanketa zehatz bat egingo da metodologia desberdina erabiliz: Aurrenekoan egoeraren azterketa egingo da, diagnostikoa alegia. Bigarren saioan, berriz, etorkizuneko ildoak landuko dira, eta hirugarren eta azkenekoan, azken ekarpenak jasoko dira.  

Aurrez aurreko saioetara gizarte esparru desberdinetako ordezkariz osatua dagoen Euskararen Aholku Batzordeko kideak eta Donostiako bederatzi auzotan eratu diren Euskara Batzordeetako kideak gonbidatuko dira. Era berean,  www.euskaraz.net webgunearen bitartez aldez aurretik eskaera egiten duen donostiar orok aurrez aurreko saio hauetan parte hartzeko aukera izango du.

Nerea Txapartegik zehaztu du, horrez gain, saio berezitu bat egingo dela gazteekin urriaren 30ean: “Gaur egungo gazte gehienek euskara badakite, etorkizuna dira eta, beraz, hizkuntza normalizazioaren ikuspuntutik oso talde garrantzitsua dira. Gai honen inguruan etorkizunera begira dauzkaten kezkak, beharrak eta lehentasunak aztertu nahi ditugu beraiekin”. Taldea dagoeneko osatua dago. Parte hartzeko deia, besteak beste, gazte elkarteetara, aisialdi taldeetara, gazte gune eta gazte lekuetara, begirale eskoletara eta abar egin da.

Azkenik,  www.euskaraz.net webean egokituko den gunean, aurrez aurreko saioetan parte hartu gabe, prozesuaren jarraipena egin eta ekarpenak eta iritzia emateko aukera izango dute donostiarrek. Horretarako, saio guztiei buruzko informazioa eskainiko da eta bertan lantzen den materiala denen eskura jarriko da.

Donostiako Euskararen Plan Orokorra 2011-2015 dokumentuak apirilean agortuko du bere indarraldia. Hori dela eta, Euskara Zerbitzuak plan honen garapenak izan dituen emaitzak aztertu eta ondorio nagusiak aterako ditu aurrera begirako erronkak aurreikusi eta helburuak, lehentasunak eta lan ildoak finkatuz. Parte hartze prozesua bideratzeko eta plana diseinatu eta erredaktatzeko Donostiako Udalak Emun Koop E. Enpresaren aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatu du.

Itzuli