Albisteak

Enpresarean azoka urriaren 23an Kursaalen

Urriaren 23an egingo da 2014ko Enpresarean azoka Donostiako Kursaalen eta dagoeneko prest dago jardunaldiaren egitaraua. Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronken inguruan jardungo da bertan eta hori izango da solasaldi nagusiko gaia. Gai horren bueltan, beste zenbait solasaldi, erakustaldi eta mahai-inguru egingo dira.



Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria den Rober Gutiérrezen esanetan, “Elkarlana beharrezkoa da enpresa munduan, proiektuak elkarrekin aurrera ateratzeko, aliantzak sortzeko... eta horretarako, oso aberasgarria izaten da enpresek eta profesionalek elkar ezagutzea. Horri begira sortu zen Enpresarean proiektua eta bi urtean behingo azokarekin elkarlan hori sustatu nahi da, Euskal Herriko enpresek eta pertsonek etorkizun oparoagoa izan dezaten”.

Enpresarean-ek helburu nagusi hauek ditu

  • Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaini nahi dituzten organizazioei eta profesionalei erraztasunak ematea.
  • Zerbitzuak eta produktuak euskaraz (ere) eskaintzen dituzten enpresei eta profesionalei salmentarako gune bat eskaintzea.
  • Arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen eta profesionalen artean elkarlana sustatzea eta esperientziak zein jakintzak trukatzea.
  • Era berean, Enpresarean proiektuaren bidez enpresei/profesionalei negozio-aukerak handitzea. Proiektu/zerbitzu berriak sortzea ahalbidetu nahi da, euskaratik eta euskaraz.


Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak azaldu duenez, “eskuartean dugun Enpresarean proiektuaren zati bat da azoka. Hor dago www.enpresarean.org plataforma, enpresa eta profesional euskaldunak batzen dituena. Askotariko ekimenen bidez, urtean behin behintzat, sare hori osatzen dutenei aurrez aurre berba egiteko aukera eman nahi diegu, eta hor kokatzen da azoka”.

Etorkizuneko erronkak aztergai

Egitarauari dagokionez, Euskal Herriko enpresek etorkizunean dituzten erronkak izango dira azokaren ardatz eta lehen solasaldia horren ingurukoa izango da.

Mahai-inguruak, solasaldiak eta tailerrak egongo dira, eta berauetan, askotariko enpresa eta erakundetako ordezkariek euren esperientziak partekatuko dituzte. Gai nagusiari, hau da, etorkizuneko erronkei, ikuspuntu ezberdinetatik helduko diegu. Hala, besteak beste, merkataritza elektronikoaz hitz egingo da (plataformak, softwarea, negozio-ereduak, produktuen salmenta, ordainketa-moduak, segurtasuna…); baita formazioan dauden erronken inguruan ere.

Egitarau osoa

Enpresarean.org

Itzuli