Albisteak

Euskaldunízate. Donostiako Euskara Zerbitzuak laguntzak ematen ditu euskara ikasteko

Donostiako euskaltegiek matrikulazio kanpaina zabaldu dute 2015-2016 ikasturterako eta euskara ikasi nahi dutenek irail osoa dute euskaltegi batean izena emateko.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntzak ematen ditu euskara ikasteko eta irailaren 14tik azaroaren 6ra eskatu ahal izango dira laguntza hauek, bulegoan edo Internet bidez.

Euskara ikasi edota maila hobetu nahi dutenek Donostian euskaltegi sare garrantzitsua (AEK, Bai&By, Hitzez, Ilazki, Legazpi6, Mondragon Lingua, Urrats eta Urumea) izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza aurkituko dute. Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke. Bestetik euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzat ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edota hogeita bost ordukoak). Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek berriz, internet bidezko Autoikaskuntza izeneko ikastaroak dituzte aukeran. Badira bestalde, xede bereziko taldeentzako egokituriko ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari, enpresetako langile edota etorkinentzat antolatzen direnak. Talde bakoitzaren ezaugarriak eta maila kontuan hartuta eskaintza berezitua egiten dute euskaltegiek, ikasleen neurrira eta beharretara egokituta.

Matrikulazio kanpaina eta diru laguntzen berri emateko Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostiako euskaltegi zein zentro homologatuek publizitate kanpaina bateratua egingo dute irailean. Euskadunízate da aurtengo kanpainaren leloa. Hiriko autobusak izango dira publizitate egiteko euskarri garrantzitsuena eta horrez gain, 10.000 eskuorri banatuko dira.

2014-2015 ikasturtean euskara ikasten aritu direnak

2014-2015eko neguko ikasturtean (udako datuak oraindik ez dira jaso), 3.444 lagun aritu dira Donostiako euskaltegietan euskara ikasten. Gehienak, 1.910,ikastaroakeuskaltegianbertan jaso dituzte; 928lagunek autoikaskuntza ikastaroak egin dituzte internet bidez; eta 606lagunek xede bereziko taldeentzako (gurasoak, merkatariak,..) egokituriko ikastaroetan hartu dute parte.

2014_2015 IKASTAROA (Neguko datuak)

IKASLEAK

Ikastaroak Euskaltegian jaso 1.910
Autoikaskuntza (Internet bidez)  928
Xede bereziko taldeak (Aisa ikastaroak, merkatariak, gurasoak) 606
 GUZTIRA  3.444 

 

2009-2010

2010-2011

2011-2012

2012-2013

2013-2014*

2014-2015*

4.875

3.818

4.269

3.641

3.207*

3.444*

*2014-2015: Behin behineko datuak dira, udako ikastaroetakoak zenbatu gabe daude.

Bestalde, euskaltegietan ikasten ari diren ikasle askok argi dute euskaltegitik kanpo ere euskara praktikatu behar dutela ikas prozesua azkartzeko. 2014-2015 ikasturtean (uda barne) Bagera elkarteak antolatzen duen Mintzalaguna ekimenean 226lagunek hartu dute parte eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Bagerak eta Donostiako euskaltegiek ikasturtean antolaturiko Mintzodromoetan berriz, 612lagunaritu dira.

Diru laguntzak jasotzeko aukera. Eskaera on line ere egin daiteke

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak irailaren 14tik azaroaren 6ra zabalduko du 2015-2016 ikasturtean euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko epea. Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru laguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza 2) eta UdalInfo bulegoetan: Udaletxean, Morlansen eta Altzan eta on line.

2014-2015 ikasturtean neguan ikasten aritu diren herritarrek diru laguntzak irailean jasoko dituzte

Neguko ikastaroetan aritu diren herritarrek egindako eskaerak 2015ekoirailean lagunduko dira eta urte bukaeran, hau da, abenduan, udako ikastaroetan aritutakoenak.

Honela, aurtengo neguan ikasten aritu direnek irailean jaso ahal izango dute diru laguntza eta horri esker, ikasten jarraitu nahi duen ikasleak eskura izango du dirua hurrengo ikasturtea ordaintzeko.

Informazio gehiago

Itzuli