Albisteak

Euskararen alorreko informazioaren erreferentziazko web gune berria

Donostiako Udalak gaur aurkeztu du euskararen alorreko informazioaren erreferentziazko web gune berria: www.euskaraz.net

Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura arduradunak azaldu du ataria berrituaren helburua: “Atariaren helburua da erreferentziazko gune bat izatea donostiarrentzat gure hirian euskaraz eskaintzen diren ekitaldi, jarduera edo zerbitzuen berri edukitzeko, administrazioa, eragile eta herri mugimenduek antolatuak izan”. Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen ekintzen eta eskaintzen dituen zerbitzuen berri ere ematen da bertan.

Atariaren berrikuntzak hiru alderdi nagusi izan ditu: edukia herritarrarentzako ulerterrazagoa eta hurbilagoa egitea, diseinua berritzea eta webgunea kudeatzeko lanabes egoki bat lantzea. Txapartegiren esanetan herritarrari informazio hobeagoa, zabalagoa eta hurbilagoa ematea izan da berrikuntzaren asmoa: “Atariaren diseinua erabat berria da; garaikidea eta garbia, irakurgarritasuna errazten duena eta edukiei protagonismoa ematen diena. Hitz bakar batean esanda, atari erakargarriagoa egin dugu; atal bakoitzak bere kolorea du bata bestearengandik bereizteko eta nabigazioa errazteko”. Euskara arduradunak, ildo horretan, euskaraz.net atariarekin batera, merkatari.net ere berritu egin dela zehaztu du: “Lehen Euskara Zerbitzuak berezituta zituen bi atari hauek, orain gune berean integratu direlarik”.

Euskaraz.net ataria 2003an jarri zen martxan, eta hamar urteotan, edukien etengabeko eguneraketa lanari esker, hirian euskararekin zerikusia duen informazioaren erreferentziazko iturri bat izan da. Azken urtean, atariak 300.000 bisita izan ditu. Interneteko eremuan azken urteetan izandako aldaketa etengabeak aintzat hartuta iaz berrikuntzari ekitea erabaki zen, atariak bere helburuak modu eraginkorragoan betetzen jarrai zezan.

Atariak eduki asko dituenez, erabiltzaileentzat informazioa aurkitzea errazteko, informazioa ierarkizatu egin da eta xede taldeen araberako azpi-webguneetan antolatu da. Honako azpi-webguneak sortu dira dagoeneko: Orokorra, Gazteak, Gurasoak eta Merkatari-ostalariak.

Xede taldeen araberako sailkapen horretan oinarrituta, hauek dira webguneak dituen atal nagusiak:

- Albisteak: euskararekin lotutako hiiako albisteak biltzen ditu.

- Agenda: Donostian, elkarte eta erakunde desberdinek euskaraz programatzen dituzten ekimenak jasotzen ditu. Donostia Kulturaren webguneko agendarekin lotuta dago euskarazko programazioa elikatu ahal izateko.

- Diru laguntzak: euskara ikasteko edo erabilpena bultzatzeko dauden diru laguntzen berri ematen du.

- Euskara ikasi: donostiarrek euskara ikasteko eskuragarri dituzten baliabideak biltzen ditu.

- Euskaraz hezi: haur eta gurasoei zuzendutako ekintzak jasotzen dira.

- Euskara erabili: donostiarrei euskararen erabilera errazteko eta sustatzeko ekintza eta baliabideen berri ematen da eta euskara erabiltzea errazten duten hainbat tresna ere biltzen ditu.

- Euskara Donostian: Donostiako datu soziolinguistikoak eta hiriko euskarari buruzko hainbat argitalpen jasotzen dira.

- Arautegia: euskararen inguruko arautegi orokorra eta Donostiako Udalak euskararen normalizazioaren baitan onartutako arauak aurki daitezke.


Webgunearen edukia erraz osatzeko eta eguneratzeko, tresna m
algu bat bilatu da, azpi-webguneak sortzeko eta edukiak azpi-webguneen arabera antolatzeko gaitasuna duena eta elikatuko duten teknikarientzat erabilerraza izango dena. Lanabes honen bitartez, Euskara Zerbitzuak sustatzen dituen ekintzen fase desberdinei buruzko informazioa urtean zehar aldian-aldian sartzen eta egokitzen joan daiteke. Ataria ahal den eguneratua egon dadin eta herritarrarentzat ahalik eta hurbilena izan dadin, Euskara Zerbitzuko teknikari guztiek hartzen dute parte euskaraz.net elikatzen eta eguneratzen, bakoitzak berari dagokion alorrean. Modu honetan, ataria Euskara Zerbitzuaren egunerokoan txertatuta dagoen lanabes bat da

Itzuli