Albisteak

Euskararen erabilera indartzea helburu duen Plan Orokor berria onartu da ostiralean

Ostiral honetan, apirilaren 24an, onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Euskararen Plan Orokor berria 2015-2019 epealdirako.

Planak hiriko euskara normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko Udalaren hizkuntza politikaren neurri proposamenak jasotzen ditu,  euskararen bilakaeraren indarguneak baliatuz eta ahuleziak zuzenduz.

Azken urteetan Donostiako Udalak hirian euskararen erabilerari bultzada emateko indarrean izan dituen planei jarraitutasunez erantzuteko diseinatu da modu parte hartzaile, planifikatu, integral eta iraunkorrean. Inplementazioari dagokionez, 2015-2019 epealdirako gidari izango den plan marko hau urtez urteko ekintza planetan gauzatuko da. Plan honetan, Donostiako Udalaren nahia ez ezik, Donostiako eragileena, auzoetako batzordeetako kideena, Euskararen Aholku Batzordeko kideena eta prozesuan parte hartu duten norbanakoena ere jasotzen da.

 

Helburu nagusia euskararen erabilera indartzea da

Planaren bitartez Donostian euskara guztiz berreskuratzeko eta zabaltzeko bidean aurrera egin nahi da, Udalaren eskumenetan arituz eta hizkuntzaren normalizazio prozesuan esku hartzen duten gainerako erakundeekin koordinatuz eta lankidetzan arituz.

Plan honen helburu nagusia euskararen erabilera indartzea da donostiarrei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, sentsibilizazioa bultzatuz eta euskaraz ez dakitenak euskalduntzera erakarriz. Azken urteotan euskara ezagutzen dutela adierazten duten donostiarren ehunekoa handituz joan da etengabe. Izan ere, Euskal Herriko hirietatik Donostia da euskaldunen proportziorik handiena duena. Donostiako herritarren %40,6 euskaldunak dira, %28,6 ia-euskaldunak eta %30,8 erdaldun elebakarrak. Erabilerari dagokionez, soziolinguistika klusterraren azken ikerketaren arabera, kale erabilera Donostian %15.9koa da. Beraz, ezagutza eta erabileraren artean jauzi handia egonik, ezagutza areagotzearekin batera, erabilera indartzea izango da egiteko nagusia.

Bide honetan aurrera egiteko hiru helburu estrategikotan dago egituratua plana: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura. Aldi berean, plana gauzatzeari begira, helburu estrategiko bakoitzak hainbat esparru biltzen ditu bere baitan.

 

Datozen urteetarako lehentasunak

Planak lehentasun batzuk ezarri ditu. Batetik, Auzoetako Plan Integralak ugaritzen eta indartzen joatea, beharrezkoa baita Plan Orokor hori hiriko auzo eta herrietako bizitzaren ezagutarrietara egokitzen joatea.

Bestetik aisian, kirolean eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzea. Eta azkenik, euskararen ezagutza areagotzen jarraitzea, euskararen erabileran aurrera egiteko euskal hiztun gehiago behar da.

 

Donostiako Udalak partaidetza prozesu baten bidez egin du Euskararen Plan Orokorra (2015-2019) berriaren diseinua.

Donostiar guztiek izan dute aukera euren ekarpenak egiteko urrian hasi eta otsailera arte iraun duen prozesuan. Bi bide egon dira horretarako; aurrez aurreko egindako lau saioak batetik eta www.donostiaeuskaraz.eus gunea bestetik.

Herritarrekin egindako lau saio hauetan hiriko euskararen egoera aztertu, etorkizunari begirako proposamenak landu eta plan berriaren edukiari ekarpenak egiteko aukera egon da.

Informazio gehiago

 

 

Itzuli