Albisteak

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira 150 bat ekitaldi antolatuko dira Donostian

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 150 bat ekitaldi antolatuko dira datozen egunetan Donostian, Euskararen Hirian. Hiriko hamabost auzoetan ospakizunak aurreratu egin dituzte eta azaroaren 21etik aurrera  ekimen  ugari antolatuko dira, batez ere azaroaren azken asteburuan.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziak Donostiako auzoetako eragileek egindako lana goraipatu du: “Hiriko hamabost auzoetan antolatu dituzte jai egitarauak: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean. Auzo horietan guztietan batzordeak sortu dira Euskararen Egunaren inguruan ekimenak antolatzeko, eta guztira, 70 bat eragile ari dira auzoetako egitarauak antolatzen”.

Ekimen horiek guztiak ezagutzera emateko esku programa bat argitaratu eta banatzeaz gain, kartelak ere jarriko dira auzo guztietan eta informazioa eskuragarria egongo da donostiaeuskaraz.eus webean.

“Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik” izango da Euskararen Eguneko aurtengo leloa. Euskaldun berriei eskerrak emateko asmoz sortutako leloa da. Miren Azkarateren esanetan “euskaldun berriek, euskara ikasi izanari esker, denoi ahalbidetzen digute gure hizkuntza erabiltzen jarraitzea nonahi: kalean, lagunartean, familian eta abar. Euskara ikasi eta erabiltzen dutenen balioa gizarteratzea eta egin duten ahalegina eta ekarpena aitortzea garrantzitsua da”.

Instituzioak eta eragileak elkarlanean

Donostiako Udala eta hiriko eragileak  urteak daramatzate Euskararen Eguna elkarlanean antolatzen. Aurten ere, bide beretik jarraitzea erabaki dela adierazi du Azkaratek.  “Auzoetako eragileak lan handia egiten ari dira euskara sustatzeko eta Udalak  bidelagun ditu egiteko horretan. Elkarlana eta sinergiak bilatzea euskararen mesederako da”.
Eragileekin ez ezik, instituzioen arteko elkarlana ere beharrezkoa da Azkarateren ustez. “Instituzioen arteko kanpaina bateratua egin dugu aurten eta indar metaketa hori beharrezkoa eta onuragarria izango da. Udalean ere Herritarren Partaidetza Zerbitzuaren laguntza eta parte hartzea izan dugu”.

Mintzodromoak euskara praktikatzeko

Euskararen Nazioarteko Egunean, bertan, abenduaren 3an, euskara ikasten ari direnentzat euskara erabiltzeko aukera ematen duten mintzodromoak antolatuko dira, goizeko 10:00etan, 11:00etan eta arratsaldeko 17:00etan San Telmo Museoan.  Zenbait auzotan ere mintzodromoak   antolatuko dira, euskara praktikatzeko formula baliagarria den seinale. Horrela, abenduaren 3an bertan, 11:00etan, Altzako Larratxo kultur etxean egingo da; azaroaren 26an, 10:00etan,  Amara Berriko Arcco merkatalgunean;  eta  azaroaren 27an, 17:00etan, Loiolako Ardube tabernan.  Bestalde, Mintzanet ( euskara internet bidez praktikatzeko) egitasmoa ere bi egunetan jarriko da jendearen eskura:  azaroaren 27an Kresala elkartean eta abenduaren 3an goizez, San Telmo Museoan.

Abenduaren 3an azkenik, Euskararen Eguneko Ekitaldi Instituzionala antolatuko du Eusko Jaurlaritzak Tabakaleran 19:00etan.

4.000 gazte antzerkira

Bestalde, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatzen duen “Gazteak  antzerkira” izeneko ekimena DBHko  ikasleei zuzenduta dago.   Aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eman nahi zaie gazteei eta erakargarriak izan daitezkeen euskarazko  antzerki lanak eskaintzen zaizkie.  Aurten bi antzerki lan ikusteko aukera izango dute Antzoki Zaharrean: Joseba Usabiaga aktorea protagonista den “Oroitzapenak” antzezlana ikusteko aukera izango dute batetik, eta bestetik, Zurriola Antzerki Eskolako Biga taldeko gazteek “Tartufo” izeneko antzezlana eskainiko dute. Ekimen arrakastatsua da oso eta Donostiako ikastetxe askotako 12 urtetik 16 urte bitarteko ikasleak joango dira euskarazko antzerkia ikustera. 10 emanaldi eskainiko dira eta ia lau mila gazte joango dira Antzoki Zaharrera.

Itzuli