Albisteak

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira 150 ekitaldi antolatu dira Donostian, euskararen hirian

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 150 bat ekitaldi antolatuko dira datozen egunetan Donostian, Euskararen Hirian. Hiriko auzo eta herrietan ospakizunak aurreratu egin dituzte eta asteburuarekin, azaroaren 29an eta 30an, egingo dituzte horietako asko eta asko. “Euskara, etenik ez duen haria” izango da aurtengo leloa. Donostiako Udalak eta hiriko hainbat eragile eta erakundek adostutako lelo honen bidez, hizkuntza-transmisioak duen garrantzia nabarmendu nahi izan da, hau da, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia.

 

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak leloaren atzean dagoen mezua azpimarratu nahi izan du: “Euskararen Nazioarteko Egunean transmisioa izango dugu ardatz, donostiar askok euskara transmititu zutelako hitz egiten da gaur egun euskara gure hirian, eta orain lekukoa hartuko dugu. Guztioi esker da gure hiria Euskararen Hiria. Eta aurreko belaunaldiek euskararekin izan zuten konpromisoa aitortu nahi dugu, horiei esker gaurdaino iritsi baita gure hizkuntza, gure ondarea, gure altxorra”.

“Euskara, etenik ez duen haria” ekitaldia azaroaren 29an

Donostiako Udalak, horren harira, ekitaldi bat antolatu du larunbatean, eguerdiko 112:00etan, San Telmo Museoan. Donostiako ahozko ondarea katalogatu eta hedatzeko Ahotsak programan parte hartu duten 148 donostiar eta euren ondorengoak gonbidatu dira ekitaldira; azaroaren 29an, 12:00etan, San Telmon egingo den “Euskara, etenik ez duen haria” ekitaldira. Donostiar hauek elkarrizketatuak izan ziren eta euren euskara eta bizipenekin 3.000 bideo/pasarte jasota daude www.ahotsak.com/donostia web atarian.  Herritarren batek bertara joateko asmorik izanez gero, gonbidapenak aldez aurretik banatuko dira San Telmo Museoan agortu arte.

Horrez gain, hainbat auzotan, hizkuntza-transmisioarekin lotura duten ekintzak ere antolatuko dira: haurrentzako jolas tradizionalak, garai bateko jolasak berreskuratu eta lagunartean ikasteko; kantu jirak, euskal kanta tradizionalak berreskuratu eta sustatzeko, eta abar.

Nerea Txapartegik hiriko auzo eta herrietan antolatu diren ekitaldiak ere nabarmendu ditu: “Hiriko hamabost auzo eta herrietan antolatu dituzte jai egitarauak: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean”. Horrez gain, esku programan ere jasota daude azaroren erditik abenduaren 5era hirian antolatuko diren bestelako jarduerak. Guztira, ia 70 eragilek 150 bat ekintza antolatu dituzte.  Horren guztiaren berri emateko esku programa eta kartelak banatu dira hirian zehar.  


Mintzodromoak bost urte bete ditu

Euskararen Nazioarteko Egunean, bertan, abenduaren 3an, beste hitzordu berezi bat egongo dela aurreratu du Txapartegik: “Euskal Herri osora zabaldu diren mintzodromoak gure hirian sortu ziren duela bost urte, eta urtemuga berezi honetan, mintzodromo berezi bat izango dugu. Belaunaldien Arteko Mintzodromo berezia antolatuko dugu abenduaren 3an, 12:00etan, San Telmo Museoan.  Bertan gazteak, helduak, eta edadetuak ariko dira, ekimen hau ez dugu ahaztu behar, euskararen erabilera sustatzeko sortu baitzen, eta oso arrakastatsuak dira”. Mintzodromo berezi horretan hainbat eragile eta udal ordezkari ere izango dira; Juan Karlos Izagirre alkatea buru. Donostia Lagunkoia ekimenean parte hartzen duten adinduak ere egongo dira ekimenean.

Mintzodromo horren aurretik, beste bi ohiko mintzodromo antolatuko dira San Telmon 10:00etan eta 11.00etan eta Altzako Larratxo kultur etxean 11.00etan. Horrez gain, azaroaren 28an, 10:00etan, beste Mintzodromo bat antolatu da Amara Berriko Arcco merkatalgunean.

Euskararen erabilera, hala ere, ez da egun bakar batera mugatu behar. Txapartegik adierazi du egunero egunero, erabili behar dugula euskara: “Donostia Euskararen Hiria daukagu, eta egunero, uneoro eta lekuoro, erabili behar dugu euskara, denon ahotan egotea, denon eskuetan dago”

Euskararen aldeko mezuak bidaltzeko aukera  #ereeuskaraz erabilita

Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, Udalak antolaturiko ekintzetan parte hartzerik ez duen herritarrak euskararekiko bere atxikimendua adierazteko modua izango du. Horretarako nahikoa izango du mezu bat bidaltzea sare sozialen bitartez #ereeuskaraz traola erabilita. Herritarrak mezuak bidaltzera  animatu ditu Nerea Txapartegik.

Sare sozialak erabiltzen ez dituenak beste bi bide izango ditu bere mezuak helarazteko: udala_euskara@donostia.org posta helbidera mezu bat bidaliz edota 662304560 telefonora mezua edo whatsapp-a bidaliz. Egunean zehar zein aurretik jasotako mezu guztiak www.euskaraz.net eta @euskaraz-en (twitter eta facebook) argitaratuko dira abenduaren 3an.

Gazteak Zinera eta Antzerkira

Bestalde, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatzen duen “Gazteak zinera eta antzerkira” izeneko ekimena DBHko  ikasleei zuzenduta dago.   Aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eman nahi zaie gazteei eta erakargarriak izan daitezkeen euskarazko filmak eta antzerki lanak eskaintzen zaizkie. Batetik “Bypass” filma ikusteko aukera izango dute Antzoki Zaharrean; bestetik, antzerkiari dagokionez, Zurriola Antzerki Eskolako gazteek “Peter Pan”  izeneko antzezlana eskainiko dute. Ekimen arrakastatsua da oso eta Donostiako ikastetxe askotako 12 urtetik 16 urte bitarteko ikasleak joango dira euskarazko zinema eta antzerkia ikustera: guztira 2.500 lagunetik gora.

 

Itzuli