Albisteak

Langabetu donostiarrek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte urritik aurrera

Donostian erroldatuta dauden langabetuek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte 2015-2016 ikasturtean. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hirugarren urtez jarraian, ikastaro hauek antolatu ahal izateko diru laguntzak emango dizkie euskaltegi homologatuei, 38.000 euro hain zuzen ere.

Matrikulatzeko epea luzatu da irailaren 18 arte, eta edozein euskaltegi homologatuan eman daiteke izena.

Miren Azkarate, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi-ordezkariaren hitzetan ekimen honek bi helburu uztartzen ditu, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerren daudenei euskara ikasteko aukera erraztea: “Krisi garaietan elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa da, eta udal gobernu hau ekintzen bidez islatzen ari da bere konpromiso soziala, euskara sustatzeko garaian ere izaera hori aintzat hartu dugularik, gure lehentasunen artean euskararen ezagutza eta erabilera indartzea dagoela ahaztu gabe. Langabetuek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”.

Ikastaroak urriaren 15ean hasi eta abenduaren 11n bukatuko dira eta asistentzia derrigorrezkoa izango da. Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabetu donostiarrek eman ahalko dute izena. Matrikulatzeko epea irailaren 1etik 18ra egongo da zabalik eta edozein euskaltegi homologatuan eman daiteke izena. Nahikoa da langabezi egoeran egotea izen ematea hasten den datarako, irailaren 1erako.

Miren Azkaratek zehaztu du guztira hamar talde osatzea aurreikusten dela, euskara mailaren arabera: “Talde bakoitzean hamaika eta hamabost ikasle artean egongo da, hortaz, guztira 110 eta 150 langabetu artean eskolatzeko aukera egongo da. Ikastarook 120 ikastordu izango dituzte, egunero hiru ordu emango direlarik; astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:45era”.

Diru laguntza hauez gain, donostiarrei edo hirian lan egiten duten herritarrei euskara ikasteko diru laguntzak emango dizkie beste behin Donostiako Udalak 2015-2016 ikasturtean. Tokiko Udal Gobernu Batzordeak 225.848,75 €ko diru partida bat onartu du horretarako, donostiarren euskalduntzea sustatzeko lagungarri izango delakoan. Diru laguntza hauek neguko zein udako ikastaroetan, barnetegietan eta autoikaskuntza ikastaroetan parte hartzen duten herritarrak laguntzeko izango dira.

Bestalde, 2015eko lehen sei hilekoan xede bereziko ( merkatari eta ostalariak, 2-7 urteko haurrak dituzten gurasoak, kirol monitoreak, etorkinak...) hogeita lau talde aritu dira euskara ikasten (60 orduko ikastaroak dira). Diruz lagundutako ikastaroak dira eta Udalak 12.675,76 € bideratu ditu lehenengo sei hileko ikastaro hauek diruz laguntzeko. Datu onak dira.

Itzuli