Albisteak

Lurraldea eta Hizkuntza' II. Jardunaldiak

Euskararen arnasguneak babestu eta indartuko dituen arkitektura juridiko berri baten beharra aztertuko da jardunaldi hauetan.

Topaketak otsailaren 5 eta 6an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk “Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak” jardunaldia antolatu dute. Iaz egindako topaketetan hirigintza proiektuek hizkuntzarengan duen eragina frogatu zen, eta aurten, pauso bat aurrera eman eta euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea ere helburu duten ekimenei aterki juridikoa emateko oinarriak aztertu nahi dituzte.  

Jardunaldien aurkezpenean Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Zigor Etxeburuak azaldu duenez, argi geratu zen aurreneko edizioan “euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko eta eta bitartekoak jartzeko, aspektu sozial guztiak kontuan hartu behar direla”, orain arteko ikuspegia zabalduz. Eta horrek, Kontseiluko Paul Bilbaok esan duen bezala,”euskal komunitatea osorik babesteko eta indarberritzeko paradigma berriak eraikitzea eskatzen du”, besteak beste politika publiko guztietan hizkuntzaren zeharlerrotasuna kontuan hartzea, eta ez bakarrik euskarari dagozkionetan, eta “hizkuntza-politika territorializatzea, lurraldetasun-printzipioari begira jartzea”.

Iazko jardunaldien ondorioetan jasota geratu ziren printzipio horiek, baita eragin linguistikoa neurtzeko ELE tresna definitu beharra ere. ELE sistematizatzeko eredua aurtengo eta honezkero abian dauden ezarpen esperientziaren batzuk jardunaldietan aurkeztuko da, eta UEMA udalerri euskaldunen mankomunitatean egin dituen bi azterketa guztiz interesgarri ere bai.

Eztabaida teoriatik praktikara ekartzea, alegia, UEMAko lehendakari Maren Belastegiri egokitu zaio, zuzenean ari baitira nozitzen UEMAra bildutako hainbat udal, Carlos Urquijo Espainiako gobernuko ordezkariak eragiten dituen helegiteak direla medio, zein zaila da urrats eraginkorrak egitea. Egin dituzten azterketetan eta egunero bizi duten egoeran oinarrituta, “euskararen egungo legezko marko juridikoa aldatzeko beharra aztertuko dugu”, aurreratu du Belastegik.

Unai Fernandez de Betoño UEUko zuzendaritzako eta jardunaldiko batzorde akademikoko kideak zehaztu ditu egitaraua osatzen duten bost atal nagusiak.

Matrikula doan da, izena emateko

Itzuli