Albisteak

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina jarri du abian Donostiako Udalak

Donostiako Udalak, sektore eragile eta euskara elkarteekin batera, hiriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean euskararen erabilera sustatzeko asmoz “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” proiektua jarri du abian.

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak azaldu du esparru guzti-guztietan sustatu behar dela euskararen erabilera: “Donostia Euskararen Hiria da eta leku guztietan sustatu nahi dugu euskararen erabilera, administrazioan, baina baita denda, taberna, jatetxe eta abarretan; bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, leku publiko zein pribatuetan, eta horregatik jarri dugu abian kanpaina hau, establezimenduak eranskailua jartzera, lehen hitza euskaraz egitera eta euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea denon eskuetan baitago”. 

 

Bezeroei euskaraz hitz egiteko aukera ematen dieten establezimenduak, beraz, identifikatu egingo dira. Bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna duten establezimenduek parte har dezakete egitasmoan. Baldintza hau bete eta egitasmoan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eranskailua jarriko dute, kalera begira (atean edo erakusleihoan) bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote.

Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmo honen aurretik, helburu bera zuen “Kaixo” izeneko proiektu pilotua jarri zen martxan 2013an hiriko hainbat kaletan. Egitasmo pilotu horri buruz hausnarketa sakona egin du 2014an Euskara Zerbitzuak sektoreko hainbat eragilerekin (Donostiako Sustapena, Donosti SShpos, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Auzoa, Zaharrean eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin batera ( Bagera, Batzen, Bizarrain, Plazara Goaz, Parte Zaharrean Bizi). Ondorio nagusi gisa, egitasmoaren helburua onuragarritzat jo da eta euskaraz zerbitzua emateko gaitasuna duten establezimenduak ikur bereizgarri baten bidez identifikatzea eragile guztiek egoki ikusi dute.

Parte Zaharrean, Intxaurrondon eta hiriko bederatzi kale komertzialetan

Egitasmo honen berri emateko Udaleko Euskara Zerbitzuak bisitak egiten hasi da eta 2014an Parte Zaharreko eta Intxaurrondoko establezimendu guztiak bisitatuko ditu. Horrez gain, kaixo egitasmo pilotuan parte hartu zuten 9 kaleetako establezimenduak (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matia eta Larratxo) bisitatuko dira eta baita Bai Euskarari ziurtagiria dutenak ere.

Bisita horietan egitasmoaren xehetasunak jasota dituen gida metodologikoa banatzeaz gain, egitasmoan parte hartzeko baldintzak bete eta parte hartzeko asmoa dutenei identifikatzeko eranskailua emango zaie. Eranskailuaren lau aldaera daude aukeran: tabernan ere euskaraz / jatetxean ere euskaraz/ dendan ere euskaraz/ hemen ere euskaraz. Horrez gain, establezimenduaren ordutegia jartzeko euskarria ere eskaini egingo zaie. 2015ean hiriko beste auzo batzuetara zabalduko da egitasmoa. Hala ere, baldintzak betetzen dituen edozein establezimenduk aukera izango du egitasmoan parte hartzeko www.merkatari.net webaren bitartez eskaera on line eginez gero.

Establezimenduen promozioa eta sustapena egingo da

Egitasmoan parte hartuko duten establezimenduak promozionatu eta sustatu egingo dira. Horretarako, batetik, merkatari.net webean mapa interaktibo bat jarriko da establezimenduen datu eta kokalekuarekin, jendeak jakin dezan euskaraz non artatu dezaketen. Bestetik establezimenduak promozionatzeko ekintza komunikatiboak, sare sozialak eta promozio kanpainak egitea aurreikusten da eta Udalaren eta sektoreko eragileen euskarri komunikatiboak ere erabiliko dira.

Irudia eta errentagarritasuna hobetzeko modua

Donostiako merkataritzaren bezero garrantzitsuenak donostiarrak eta gipuzkoarrak izanik (%71,9) eta kontuan hartuta hauen euskararen ezagutza (donostiarren %40,6 euskalduna da eta %28,6 ia-euskalduna, eta Gipuzkoarren %53,7 euskalduna da eta %22,7 ia- euskalduna), euskaraz hitz egiteko eskaintza bermatuz gero, bezero euskaldunari zerbitzu hobea eskainiko zaio, eta negozioa errentagarriagoa izango da.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Itzuli