Albisteak

Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko epea zabalik urriaren 21 arte

Mintzalaguna egitasmoa sustatu eta indartzeko urratsak emango dira 2015-2016 ikasturtean Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker. Gauzak horrela, mintzapraktika behar dutenek 25 euro ordaindu beharko dute aurtengo ikasturtean, aurrekoan baino 50 euro gutxiago. Ordaindu beharrekoa nabarmen merkatu denez, egitasmoan mintzalagun gehiagok parte hartuko duela aurreikusi da.

Miren Azkarate Euskara zinegotziaren esanetan, “mintzalaguna egitasmoa indartzea beharrezkoa dela ikusi dugu eta kuotak beheratuta, egitasmoan jende gehiagok parte hartuko duela uste dugu”.

Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko” gaineratu du Azkaratek.

Izen ematea zabalik urriaren 21era arte

Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik da eta urriaren 25ean amaituko da, beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute gaurtik aurrera. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, elkartearen egoitzan (Hernani kaleko 15. zenbakian) edo 943005074 telefono zenbakian ere egin daiteke.

Mintzalaguna egitasmoan euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak, hitz egiteko ohitura eta aukera ez dutenekin elkartzen dira, astean behin gutxienez, norberaren ordutegiraegokituta. Hiru edo lau laguneko taldeak izaten dira normalean. Horrez gain, hilean behin, taldeko jarduerak antolatzen dira mintzalagun guztientzat ( irteerak, bisita gidatuak eta abar).

Mintzalagun kopurua handitzeko asmoarekin Donostian

Azken urteotan, 200 bat lagun aritu dira urtero Mintzalaguna egitasmoan. 2015-2016 ikasturtean, 100 bat lagun gehiago lortzea da helburua. Horretarako, aipatu kuota merkatzeaz gain, sustapen kanpaina abian jarriko da eta hiriko euskaltegiekin ere lankidetza akordioa egin du Bagerak.

Mintzalaguna egitasmoa duela 22 urte sortu zuen Bagera elkarteak, eta geroztik, Donostian, pertsona asko aritu da euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Eta Donostian ez ezik, Euskal Herriko 65 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 6.000 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoan.

Miren Azkarate zinegotziak gogora ekarri du euskararen erabilera sustatzeko egitasmo ugari sortu dela Donostian, “mintzalagunaz gain, mintzodromoak eta mintzanet Gipuzkoako hiriburuan sorturiko proiektuak izan dira”.

Informazio gehiago

Itzuli